Lan-gatazka
Greba bertan behera geratu da itunpeko ikastetxeetan, sindikatuek eta patronalak akordioa itxi ostean
EITB MEDIA
ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek lorturiko akordioari esker, greba bertan behera gelditu da. ELAko langileen asanbladak akordioa berretsi du. LABek aurreakordioa ez sinatzea erabaki du, eta kontsulta egingo du oinarriekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak Kristau Eskola eta AICE-IZEA (Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa) patronalekin bildu dira astelehenean, eta akordioa itxi dute. Ondorioz, otsailaren 6, 7 eta 8rako deitutako lanuzteak bertan behera geratu dira, baita 19 eta 20rako deitutakoak ere. ELAk, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan gehiengoa duen sindikatuak (% 58), asanblea egin du gaur eta sektoreko langileek berretsi egin dute bart lortuko akordioa.
Akordioari esker, % 16ko soldata igoera izango dute, KPI tik gorako igoera, finantziazio publikoa edo homologazioa muga izan beharrik gabe.
ELAk bidalitako oharraren arabera, hitzarmenak 2021-2024ko indarraldia du, jardunaldiak murriztuko dira, gutxienez ordubete irakasle eta etapa guztietan, eta beste ordu osagarri bat gutxienez izango dute irakasleek. Gainera, esaterako, Haur Hezkuntzan urtean 20 orduko lanaldi murrizketa izanen dute irakasleek, eta laguntzaileek 38 ordukoa.
Hezkuntza Laguntzaile Espezialisten kasuan, 20 orduko murrizketez gain, ordu osagarri gehiago izango dituzte: hiru gehiago lan jardun osoan daudenek, bi lan jardun erdiarekin.
Kristau Eskolaren hitzetan, "greba bertan behera uztea negoziazioetan beti eskatu izan dugun aldarrikapena izan da, kontuan hartuta labuzteek ikaslegoarengan eta kontziliazioan duten eragina". Ildo horretatik, esan duenez, "proposamenen neurriak eta zailtasunak beharrezko egiten dute negoziazioek bake giro batean egitea".
LABek, bere aldetik, erabaki du aurreakordioa ez sinatzea, eta bere oinarriekin baloratuko du erabaki definitiboa hartzeko, argudiatuta ez dela ekiparazioa lortuko. LABek gutxiengoa dauka sektorean.
Steilas ase agertu da akordioarekin "oinarrizko hiru gaiei erantzuten dielako". Andeka de Miguel Zabala ordezkariak esan du "pozik" dagoela, grebaren bukaera ekarriko duen ituna egin ahal izan dutelako.
"Denborarekin, sinatutako guztia eta hitzarmen berrirako adostutakoa txertatzen joango gara", erantsi du.
Euskadiko Gizarte Ekimeneko ikastetxeek 9.000 langile dituzte 200 ikastetxetan, eta 120.000 ikasleri ematen diete zerbitzua.
Ohar bateratu batean, EAEko itunpeko sarearen gizarte ekimeneko ikastetxeetako guraso elkarteek (Fapae, Feguiapa, Fapacne eta Bidelagun) greba egunak "berehala" bertan behera uzteko deia egin diete sindikatuei.