EITB DATA
EAEko 100 langiletik 16 autonomoak dira, orain hamar urte baino hiru puntu gutxiago
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Enplegu autonomoak indarra galdu du EAEn eta Nafarroan, soldatapeko enpleguarekin alderatuta; izan ere, soldatapeko enpleguak % 19,3ko gorakada izan du azken hamarkadan.
Enplegu autonomoak indarra galdu du EAEn eta Nafarroan, soldatapeko enpleguarekin alderatuta; izan ere, soldatapeko enpleguak % 19,3ko gorakada izan du azken hamarkadan.
Azken hamar urteetan, enplegu autonomoaren kuota ia hiru puntu jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan. 2013an, autonomoak % 19,3 ziren; egun, berriz, % 16,4 dira.
Neurri txikiagoan bada ere, jaitsiera hori Nafarroan eta Estatuan ere gertatu da. EITB Datak egindako enplegu autonomoaren erradiografiaren arabera, Nafarroan langileen % 16,5 ziren autonomoak 2013. urtean; egun, berriz, % 14,2 dira. Estatuan, enplegu autonomoa % 17,5 izatetik 15,4 izatera igaro da.
Hortaz, lanean ari diren pertsonen artean gero eta autonomo gutxiago daude, eta errealitate hori autonomia-erkidego guztiek partekatzen dute. Azken hamardakan, Errioxak eta Gaztela-Mantxak izan dute atzerakadarik handiena, % 3,8koa.
Datu horiek soldatapeko enplegukoekin alderatuz gero, azpimarratzekoa da azken horrek azken hamarkadan izan duen hazkundea. Tarte horretan, EAEn soldatapeko langileen kopuruak % 19,3 egin du gora, eta autonomoenak, berriz, % 2,5 egin du behera.
Soldatapeko enpleguak Nafarroan ere izan ditu gorabeherak, % 29 hazi baita azken hamar urteotan, eta autonomoen kopuruak % 6 egin du gora. Estatuan, soldatapekoen kopurua % 34,6 igo da, eta autonomoena % 11,6.
Lanean daudenen artean geroz eta autonomo gutxiago dago
Zenbaki absolutuei erreparatuz gero, gaur egun, 163.308 langile autonomo daude EAEn, 43.021 daude Nafarroan eta 3.159.758 dira Espainiako Estatuan.
Azken hamarkadan, Euskadik 4.158 autonomo galdu ditu, Nafarroak 2.447 irabazi ditu eta Estatuan orain 10 urte baino 327.415 langile autonomo daude.