Itxi

Lan-gatazka

Negoziazioek porrot egin ostean, Tuvisako langileek greba mugagabea hasi dute larunbat honetan

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

ELAk salatu du enpresak ez duela proposamena aldatu eta Udala "geldirik" egon dela Gasteizko hiri autobusen gatazkari irtenbidea emateko egin dituzten bileretan. Tuvisako presidentearen ustez, grebak "ez du justifikaziorik"; batzordearen arabera, "sumingarria" da egoera horretara eraman izana.

Tuvisako autobus bat, Gasteizen. Argazkia: EFE

Tuvisako langileek greba mugagabea hasi dute larunbat honetan Gasteizko hiri autobusetan, beharginen lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko udal enpresako zuzendaritzarekin egin dituzten negoziazioek porrot egin ostean. Larunbateko 14:00etan hasi da greba mugagabea, ELA sindikatuak ostegun honetan jakinarazi zuen bezala. 

ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariek (hiruna), USO, ESK eta CCOO sindikatuetakoek (bina) eta LABeko ordezkari batek osatzen duten langile batzordeak hauek eskatzen ditu: "Lineako autobusen galera saihestea, Tuvisako pribatizazioak iraultzea, lan-hitzarmen berri bat negoziatzea, benetako lanaldiaren erregistroa egotea eta ALHAOn argitaratzea alderdi sozialekin lortutako akordio guztiak". "Tuvisako langileen osasuna eta zerbitzua hobetzea eskatzen dugu, bai kalitatea bai segurtasuna", azaldu dute; izan ere, arazo larriak salatu dituzte azken hilabeteotan.

ELAren arabera, Tuvisaren zuzendaritzak ostegunean aurkeztutako azken proposamena aurrekoaren "berdina" da, "aldaketa txiki batzuk" gehituta.

Era berean, sindikatuaren hitzetan, Udala "geldirik" egon da lan-gatazkari irtenbidea emateko egin dituzten zazpi batzarretan.

Iñaki Gurtubai Tuvisako presidenteak ohar batean azpimarratu duenez, erakundeak errespetatu egiten du bere langile publikoek grebarako duten eskubidea, eta lan egitea erabakitzen dutenen lan egiteko eskubidea ere errespetatzeko eskatu du. "Gure ustez, ordea, ez dago arrazoirik Gasteizko herritarrentzako zerbitzu publikoa kaltetzen duen greba bat egiteko. Tuvisako langileak dira, alde handiarekin, Udalaren hitzarmen kolektiborik onena dutenak, egunotan agerian geratu den bezala", adierazi du.

Horrela, Tuvisako zuzendaritzak "zentzuz jokatzeko" deia egin du. "Posible da Tuvisako langile publikoen lan-baldintzetan arrazoizko hobekuntzak sartzea, justifikaziorik ez duen greba mugagabe batekin zerbitzu publikoaren erabiltzaileei kalterik eragin gabe", azpimarratu du.

Greba mugagabea gutxieneko zerbitzuetan ez zeuden gidari guzti-guztien jarraipenarekin hasi da, enpresa-batzordearen esanetan. Asier Lopez de Sabando batzordeko bozeramaileak esan du "sumingarria" dela Maider Etxebarria alkateak eta Iñaki Gurtubai Tuvisako presidenteak egoera puntu honetaraino bultzatu izana. Adierazi du ez dutela ulertzen Udalak batzordearen eskaerei jaramonik ez egitea, "lan-baldintza duinak eskatzen ari garenean, osasuna eta zerbitzuaren hobekuntza lehenetsita".

Gaineratu duenez, Tuvisa da Arabako enpresarik "judizializatuena", hain zuzen ere "hitzarmena ez betetzeagatik". Gogorarazi duenez, langileek 30 eguneko oporraldia dute urtero, eta "lotsagabetzat" jo du "urtean 90.000 euro baino gehiago etxera eramaten dituen jendea eta auto ofizialean mugitzen dena gezurretan aritzea plantilla iraintzen", eta langile horiei "pribilegiatuak" deituz.

Ostiral honetan, Tuvisako langileak kalera atera dira, kalitatezko zerbitzua eta lan-baldintza duinak aldarrikatzera: 

Albisteak (1)

Bideoak (1)