Itxi

LEHEN SEKTOREA PROTESTAN

Astelehenetik aurrera mobilizazioei berrekingo diete nekazari nafarrek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

"Mobilizazioek aurrera jarraituko dute, arlo ekonomikoaz haratagoko kezkak ditugulako, Europa mailan ez dugu inolako konpromiso edo konponbiderik", azaldu dute nekazariek.

Traktoreak Iruñera sartzen. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

Ostiralean protestak Iruñeko erdigunean egin bazituzten ere, astelehenetik aurrera mobilizazioekin jarraituko dute Nafarroako abeltzain eta nekazariek, baina Iruñetik kanpo. Hala erabaki zuten larunbatean Tafallan bildu ziren baserritarrek.

Bileraren ostean, Iruñeko erdiguneko protestak bertan behera uztea zergatik erabaki zuten azaldu zuten, baita mobilizaioei, oro har, eustea zergatik erabaki zuten ere. "Mobilizazioek aurrera jarraituko dute, arlo ekonomikoaz haratagoko kezkak ditugulako, eta Europa mailan ez dugu inolako konpromiso edo konponbiderik", azaldu zuten.

Nafarroako Gobernuak ostiraleko bileran hartutako konpromisoak zeintzuk ziren ere azaldu zuten ohar batean, hala nola sektoreak aurre egin behar dion BEZaren itzulketaren atzerapenari irtenbidea ematea eta NPBko lurzatiak kontrolatzeko sistema berrikustea. Alde horretatik, nahikoa izango da sinatutako konpromisoa, eta ez dira beharrezkoak izango geoerreferentziazko argazkiak.

Ureztatzearen aldeko konpromiso irmoa ere hartu zuten, Nafarroako fiskalitatea gainerako autonomiekin parekatzearen aldekoa, "mahats-bilketa berdea" indartzearen aldekoa eta Elikadura Katearen Legean lan egitearen aldekoa.

NPBa sinplifikatzeko erabakia ere hartu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, baita pilatutako simaurrak eta material organikoak erretiratzeko bost eguneko epea luzatzekoa ere.

Albisteak (1)