Titular nagusiak
Albiste izango dira: EITB Data, marea biziak eta baserritarren protestak
EITB MEDIA
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko otsailak 12, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EITB Data: Enplegu autonomoaren EAEko eta Nafarroako erradiografia kaleratu du gaur EITB Datak, eta izenburu nagusietako bat hau da: EAEko 100 langiletik 16 autonomoak dira, orain hamar urte baino hiru puntu gutxiago
- Mare biziak: Marea biziak zeuden gaurko iragarrita, eta itsasgorak (06:11) uholdeak eragin ditu Bilboko hainbat auzotan, Zorrotzaurren eta Olabeagan, eta Erandion (Bizkaia), besteak beste. Gipuzkoan, Oria ibaiak gainezka egin du Aia eta Orio artean, N-634 errepidearen parean. Horrez gain, itsasoaren mailan dauden Pasai Donibaneko (Pasaia) kaleak urpetuta azaldu dira goizean.
- Baserritarren protestak: Gipuzkoako baserritar talde batek (siglarik gabe eta sindikatuekin adostu gabe) mobilizatzeko deia egin du astelehenerako, "lehen sektore duin baten alde". Euskal Herriko gainerako lurraldeetan egin den moduan, Gipuzkoan ere errepideak hartuko dituzte. Halaber, Nafarroako nekazariek ere, gaur mobilizazioekin jarraituko dute.