Enplegu publikoa
Langile publikoek % 0,5eko soldata igoera kobratuko dute martxotik aurrera
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du soldata igoera, 2023ko urtarriletik atzeraeraginez aplikatuko dena. Hazkundea BPGren bilakaeraren araberakoa da, Espainiako Gobernuak UGT eta CCOO sindikatuekin adostutako akordioari jarraiki.
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du, gobernu bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langile publikoen soldata % 0,5 igotzeko agindua.
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan iragarri duenez, igoera atzeraeraginez aplikatuko dute 2023ko urtarrilaren 1etik, eta martxoko nominan jasoko dute beharginek. Jaurlaritzak 20,7 milioi euro bideratuko ditu igoera horretara.
2023ko Espainiako Aurrekontu Orokorretan zegoen jasota igoera, Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako akordio bat oinarri hartuta. 2023an ordainsaria % 2,5 igotzea jasotzen, baina % 0,5eko beste bi igoera egiteko aukerarekin (bata, inflazioari lotutakoa, eta bestea, ekonomiaren bilakaeraren araberakoa). Bigarrena egiteko Espainiako Barne Produktu Gordina % 2,4 baino gehiago hazi behar zen. Otsailean baieztatu zuen datua Espainiako Estatistika Institutuak, eta orain ari dira gobernuak igoerak onartzen.
Enplegu publikoa hizpide, Garamendik iragarri du egonkortze prozesuen lehen 1.600 lanpostuak (eskala administratiboa, administrari laguntzailea, laguntzako langileak, eta erizaintzako teknikariei dagozkie) maiatzean esleituko dira. Gainerakoak (goi-mailako eskalak, fakultatiboak eta eskala teknikoak) irailetik aurrera hasiko dira esleitzen.
Nabarmendu duenez, prozesu horiei esker, 5000 pertsonatik gora lortu dute lanpostu publikoa. Garamendiren hitzetan, behin-behinekotasuna % 8tik behera kokatuko da.