LAN GATAZKA
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek beste bi greba egun deitu dituzte EHUn, martxoan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Martxoaren 6an EHUko irakasle eta ikertzaileak deitu dituzte grebara eta martxoaren 12an, sektore publiko osoan egindako deialdiarekin bat eginez, unibertsitateko komunitate osoko langileak.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek greba deialdia egin diete martxoaren 6rako EHUko irakasle eta ikertzaile guztiei. Halaber, martxoaren 12an unibertsitateko langile guztiak deitu dituzte grebara, sektore publikoan egindako deialdiarekin bat eginez. Lanuzte hauei urriaren 25ean eta abenduaren 19an egindakoak batu behar zaizkie.
Errektoretza taldearen "jarrera murriztailearen eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera inmobilistaren aurrean", mobilizazio berriak iragarri dituzte gaur goizean Gasteizen egin duten agerraldian. Azaldu dutenez, helburua lan eta bizi baldintza duinak lortzea da.
Hauek dira deitzaileen aldarrikapen nagusiak: ordezko irakasleen prekarizazioarekin amaitzea, langile guztien erosteko ahalmena berreskuratzea, irakaskuntza eta lan karga murriztea, eta unibertsitatearen finantzaketa handitzea.
Hiru sindikatuek salatu dutenez, arazo estrukturalak larriagotu egin dira eta horrek ordezko irakasleen lan baldintzak okertzea ekarri du. Halaber, lanaldi partzialeko langileak guztiz egoera prekarioan daudela nabarmendu dute eta lanpostu asko ordezkatu gabe gelditzen direla.
Horrek guztiak irakaskuntzaren kalitatean, ikerkuntzan eta unibertsitatearen kudeaketan eragin zuzena duela nabarmendu dute. Hori guztia dela eta, unibertsitatearen egoera "jasangaitza" dela eta arazoei heltzea premiazko dela adierazi dute.