Nafarroa
Langile bat hil da Olaztiko zementu-enpresa batean izandako lan-istripuan
EITB MEDIA
SOS Nafarroak 13:47ean jaso du ezbeharraren berri, eta Foruzaingoak jakinarazi du litekeena dela zerbaitek behargina harrapatu izana. Langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo dute 19:00etan ostiralean, Altsasuko Iortia plazan.
Altsasuko 32 urteko gizon bat hil da gaur eguerdian Olaztiko (Nafarroa) Cementos Portland enpresan izandako lan-istripuan.
SOS Nafarroak 13:47ean jaso du ezbeharraren berri, eta Foruzaingoak jakinarazi du litekeena dela zerbaitek behargina harrapatu izana.
Altsasuko Foruzaingoaren Herritarren Segurtasunerako patruila bat bertaratu da, eta Polizia Judiziala istripuaren arrazoiak eta dinamika ikertzeaz arduratzen ari da. Suhiltzaileak eta mediku talde bat ere bertaratu dira.
Langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo dute 19:00etan ostiralean, Altsasuko Iortia plazan, "Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte!!" lelopean.
Dagoeneko 15 pertsona hil dira aurten lan-istripuetan Hego Euskal Herrian, horietako sei Nafarroan eta bederatzi Euskadin. Ildo horretan, Euskadik baja eragin duten 4059 lan-istripu erregistratu zituen aurtengo urtarrilean, hau da, % 29,6ko igoera izan da iazko hilabete beraren aldean, 926 ezbehar gehiagorekin. Heriotza eragin zuten lan-istripuak zortzi izan ziren, eta horri astearte honetan Durangon izandako beste istripu bat gehitu behar zaio.
ELA sindikatuak, beharginaren heriotzaren aurrean, "enpresen zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea amaitzea" eskatu du. Horretarako, ISPLNri gaitasuna ematea eta erabat kolapsatutako lan-ikuskapen plantilla hirukoiztea eskatzen du, Nafarroako lantokietako segurtasun-baldintzak zorrotz kontrolatzeko.
Sindikatu abertzaleak ohar baten bidez salatu duenez, urte eta erdian enpresa horretan hil den bigarren pertsona da, eta aurten sei langile hil dira Foru Erkidegoan, ia astean behin.