Itxi

Oñati

Natrako langileek Aste Santura arte lanuzteekin jarraitzea erabaki dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Txokolate enpresako sindikatuek urtebete baino gehiago daramate hitzarmena berritzeko negoziatzen. Langileek txanda bakoitzean lau orduko lanuzteak egitea erabaki dute Aste Santura arte.

Langileen elkarretaratzea. Argazkia: EITB Media.

Oñatiko Natra enpresako langileek aste honetarako deitutako bigarren greba egunarekin bat egin dute ostegun honetan, eta mobilizazioekin jarraitzea eta Aste Santura arte txanda bakoitzean lau orduko lanuzteak egitea erabaki dute.

ELAk (enpresako 13 ordezkari sindikaletatik 8 ditu) urtebete baino gehiago darama txokolatea fabrikatzen duen enpresa horren hitzarmena berritzeko negoziatzen. Enpresak 300 langile ditu, sindikatuak ohar batean zabaldu duenez.

Sindikatuaren esanetan, zuzendaritzak "ez du negoziatzeko inolako borondaterik", eta mobilizazioak hasi zirenean, langileak "zigortzeko" neurriak hartu zituen, "baimen batzuk ukatuta", "kontratuak ez berrituta" eta "atsedenaldiak murriztuta", esaterako.

Langileek "soldata igoera duinak", "txandakako kontratua bermatzea" eta "kontratuen egonkortasuna" eskatzen dituzte, besteak beste.

Bestalde, LABek ohar batean adierazi duenez, zuzendaritzak "lau txandako lanaldia ezarri nahi du urte osoan", "txandakako kontratua xantaia gisa erabili nahi du" eta "uko egiten dio hitzarmena lan-erreformen aurka blindatzeari".

Oñatiko Natra enpresaren kanpoaldea.