Lan-gatazka
Tuvisako langileek batzarra egingo dute igande honetan, enpresarekin lortutako akordioaren inguruan bozkatzeko
EITB Media
Langileen Batzordeak larunbat arratsaldean idatziz jaso du Gurtubairen proposamena. Proposamen hori langileen batzarrera eramango dute, onartu ala ez erabakitzeko. Asanblada igandean bertan egingo dute, 19:00etan.
Aurrerapausorik ez da izan Tuvisako zuzendaritzak eta langile batzordeak larunbat goizean egin duten bileran. Hala ere, arratsaldean, enpresa-batzordeak zuzendaritzaren proposamen bat jaso du idatziz, eta batzarrera eramatea erabaki dute.
Langileen asanblada igandean bertan egingo dute, 19:00etan, eta hor erabakiko dute onartu ala ez. Horren arabera, baliteke greba bertan behera uztea.
Goizean, langile batzordetik azaldu dutenez, enpresak ez die "ezer berririk" proposatu, eta Iñaki Gurtubai zinegotzi eta autobus enpresako presidenteak idatziz zer bidaliko zain geratu dira.
Tuvisako 330 langileek egunean egiten dituzten orduen kopurua nola kontrolatu da gaur-gaurkoz korapilatuta dagoen auzi estrategikoa, gidariek ez baitute fitxatzeko sistemarik. Langileek diotenez, fitxaketa-sistema efektibo batek (fitxatzeko erloju bat, esaterako) "agerian utziko luke askoz gidari gehiago beharko liratekeela"; izan ere, gaur-gaurkoz "langile bakoitzak ordu erdi gehiago egiten du lanean egunero", Ekaitz Oianguren langile batzordeko kideak Euskadi Irratiari azaldu dionez. Fitxaketaren auzia konpontzeko, kanpoko auditore baten parte-hartzea proposatu du Gurtubaik, langileen lanorduak azter ditzan.
Langileen batzordea Tuvisako zuzendaritzarekin bilduta egon den bitartean, kalera atera dira mila lagun inguru lan-baldintzetan eta zerbitzuan hobekuntzak eskatzera. Sindikatuek eskertu egin dute gasteiztarrek kalean adierazitako babesa.
Otsailaren 10ean greba mugabeari ekin ziotenetik, autobusen % 30 ari dira Gasteizen zerbitzua eskaintzen, gutxieneko zerbitzuetan ezarritakoak, hain zuzen.