EAE
Azpikontratatutako osasun-garraioko greba mugagabeak % 90eko jarraipena izan du 1. egunean, sindikatuen ustez
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzak % 100eko zerbitzu minimoak ezarri ditu larrialdi zerbitzuetan, errehabilitazioko pazienteen garraioan eta ospitaleko altetan, baina ez dira bete.
EAEn azpikontratatutako osasun garraioko langileek greba mugagabeari ekin diote gaur, ELAk, LSB-USOk, LABek, UGTk, CCOOk eta ESK-k deituta, Osakidetzako langileekin homologatzea eta erosteko ahalmenaren galera berreskuratzea eskatzeko. Deitzaileen arabera, jarraipena % 90ekoa izan da greba mugagabearen lehen egunean.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte sindikatuek, ia % 100ekoak direla iritzita.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzak % 100eko zerbitzu minimoak ezarri ditu larrialdi zerbitzuetan, errehabilitazioko gaixoen garraioan eta ospitaleetako sendagiria jasotzen dutenen garraioan. Hala ere, gutxieneko zerbitzu guztiak ez dira bete, sindikatuen arabera protestan ziren langile askok eta askok ez zekitelako gaur lan egin behar zutenik.
Bestalde, La Pau enpresako iturriek azaldu dutenez, beste batzuetan ez bezala, oraingoan ez dituzte gutxieneko zerbitzuak sindikatuekin adostu, "gehiegizkoak" zirela irizten ziotelako. Hala ere, oro har, ezarritako gutxienekoak bete direla nabarmen dute.
Grebari ekiteko, langileek elkarretaratzea egin dute Basurtuko ospitalearen aurrean, Bilbon, eta handik, manifestazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino.
Iragan ostiralean enpresak proposamen bat helarazi zien, baina sindikatuek kritikatu dute ez zela nahikoa greba bertan behera uzteko.
ELAk gogorarazi duenez, zerbitzu honetan azpikontratatutako langileek salatu dute lan-hitzarmenaren negoziazio mahaia "blokeatuta" dagoela, eta enpresek eta Osasun Sailak ez dutela langileen baldintzak hobetzeko "borondaterik".
Sindikatuek errefusatu egiten dute enpresek eskainitako soldata igoera, eta salatu dutenez, proposamenean "ez dute baimenez hitz egiten, ez familia eta lana uztartzeaz, ez karrera profesionalaz"; izan ere, soldatetan ez ezik, lan-baldintza guztietan lortu nahi dute homologazioa Osakidetzako langileekin.
Zerbitzu minimoak
ELAk iragarri du Eusko Jaurlaritzak % 100eko zerbitzu minimoak ezarri dituela, "1.700 langileren grebarako eskubidea galaraziz"; izan ere, ezin izango dute greba egin "errehabilitaziorako garraioak egiten dituztenek, ez beste erkidego batzuetan kontsultak egitera gaixoak eramaten dituztenek, ez ospitaleetako sendagiria jasotzen dutenak eramaten dituztenek".
Sindikatuak "patronalaren interesak" defendatzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari.