azterlana
Telelanak % 16 egin zuen gora Euskadin 2023ko azken hiruhilekoan
EITB Media
Igoera gorabehera, okupatuen % 13k baino ez dute baliatzen aukera hori. Portzentajea Europar Batasuneko batezbestekotik urrun dago oraindik, EBkoa ia halako bi baita (% 24).
Telelana % 16,1 hazi zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) iazko azken hiruhilekoan, 2022ko epe bereko datuekin alderatuta betiere. Dena dela, etxetik lan egitearen aukera apenas dago hedatua gurean, eta okupatutako 10 pertsonatik bakarrak baliatzen du.
Adecco Group Institute ikerketa zentroak egindako "Aukerak eta gogobetetzea enpleguan" azterlanaren datuen arabera, gaur-gaurkoz 139.000 pertsona ari dira telelanean EAEn, okupatuen % 13,1 (2019an baino bost puntu gehiago). Hain justu, zazpigarren hilabetez jarraian egin du gora tasak. Espainiako Estatuaren datuarekin alderatuta, EAEko batezbestekoa baino apur bat gorago dago (% 13,6).
Europar Batasuneko datuekin alderatuta, urrun dago oraindik EAE: Europako batezbestekoa % 24,1ekoa da. Aztertu diren 20 herrialdeen artean, sei baino ez daude (Errumania, Bulgaria, Grezia, Hungaria, Kroazia eta Italia, azken hori ehunengatik) EAEko datuaren atzetik.
EAEn lanaldi partzialean diren beharginen kopurua ere aztertu du ikerketak. EAEn langileen % 16k du halako kontratu bat, Espainiako Estatuko portzentaje handiena. EBn antzeko datua dute, baina 1,8 puntu handiagoa.