Itxi

ETXEBIZITZA

Donostia osoa tentsio handiko eremu izendatu dezakete 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Etxebizitza alokatzeko tentsio handiko eremu izateko baldintzak malgutu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horrek hiri osoa barne hartzea ahalbidetuko luke, Donostiako Udalak eskatu bezala.

Alokairurako etxebizitza bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Donostiako Udalak hasieratik eskatu bezala, hiri osoa etxebizitza alokatzeko tentsio handiko eremu izendatu dezake Eusko Jaurlaritzak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Eneko Goia Donostiako alkateak gaur prentsaurreko batean azaldu duenez, Etxebizitza Legearen arabera urte honetan zehar egin behar dira tentsio handiko eremu izendatzeko eskariak, eta horiek 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sar daitezke indarrean. Horren esanetan, horiek dira legeak aurreikusten dituen epeak eta data horiek kontuan hartuta ari omen da Udala lanean.

Tentsio handiko eremu izendatzeko hasierako baldintzak malgutu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horrek hiri osoa barne hartzea ahalbidetuko luke. Horri buruz galdetuta, Eneko Goiak azpimarratu du Donostiako udal gobernuak ez ezik, udalbatzak bere osotasunean egindako eskaera dela.

Donostia osoa tentsio handiko hiri izendatzen ez badute, eragin negatiboa izan dezake kanpoan gelditzen diren auzoetan, Martutenen, kasu. Ildo horretan, uste du hobe dela bereizketarik ez egitea, "kutsatze efektua" saihesteko.

Epeei dagokienez eta Goiaren arabera, Etxebizitzaren Legeak ezartzen du aurten egin behar dela eskaera egiteko txostena eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko dela indarrean.