Itxi

EUSKO JAURLARITZA

Bi egunetan 1.777 gaztek eskatu dute emantzipazioa laguntzeko dirulaguntza

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eskatzaileen % 52 Bizkaikoak dira, % 33 Gipuzkoakoak eta % 15 Arabakoak. Iazko abenduan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Emantzipa laguntza-programa, eta asteon sartu da indarrean.

Irudia: EITB Media

48 ordutan 1.777 gaztek eskatu dute emantzipazioa laguntzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen laguntza berria. Asteartetik, gurasoen etxea utzi nahi duten 25-29 urte arteko herritarrek 300 euroko dirulaguntza jaso ahal izango dute dute hilero, programan jasotako baldintzak beteta.

Batez beste, Euskal Autonomia Erkidegoan 29,7 urterekin emantzipatzen dira gazteak, Europan baino hiru urte beranduago. 25 eta 29 urte bitartekoen % 32k soilik du etxe bat jabetzan edo alokairuan. Arazoari aurre egiten laguntzeko, Emantzipa laguntza-programa onartu zuen iazko abenduan Gasteizko Exekutiboak, eta asteon sartu da indarrean. 

Orain arte aurkeztu diren eskaerei buruzko informazioa azaldu dute, gaur goizean, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Gazteriako zuzendariak. Esan dutenez, eskatzaileen % 52 Bizkaikoak dira, % 33 Gipuzkoakoak eta % 15 Arabakoak. Bestalde, laguntza eskatu duten % 63 emakumeak dira, eta % 37, gizonak. 

Aurkeztutako eskabide guztietatik, Jaurlaritzak ondorioztatu du "eskatzaileen % 68,6 alokairuan" emantzipatuko direla, eta "gainerako % 31,4 erositako etxebizitza batean".

"Balorazio positiboa" egin du Fernandezek, eta nabarmendu du Ematzipa programa ez dela "neurri isolatu bat", "gazteen emantzipazioa laguntzeko eta erronka demografikoari aurre egiteko neurri-sistema baten parte bat" baizik. Eskaeren kopurua urte honetan 15.000ra iristea aurreikusten dute.

"Eskaeren erritmoak berretsi egiten du egin genituen estimazioak ondo bideratuta daudela eta halaber Emantzipa laguntzaren kontzeptuak gazteek emantzipazio-prozesuan duten benetako premiari erantzuten diola", gehitu du.

Hemen, laguntzari buruzko informazioa:

Zertan datza?

Hilean 300 euroko zuzeneko laguntza izango da, 25 eta 29 urte bitarteko pertsonentzat. Laguntzak jaso ahal izateko, etxe berean gehienez hiru hartzaile izango dira. Laguntza 24 hilabetez jarraian kobratu ahal izango da.

Laguntzok bateragarriak dira Gaztelagun programarekin, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin, Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin, etxebizitza gastuetarako prestazio osagarriarekin edota gizarte-larrialdietarako laguntzekin, besteak beste.

Nola eskatu?

Eskaera online edo aurrez aurre eskatu ahalko dira. Zalantzarik izatekotan, WhatsApp bidez erantzungo dizkizute 646 10 91 26 telefono zenbakian. Eskaera internet bidez egiteko B@kQ ziurtagiri elektronikoa izan beharko duzu —Izenperen webgunean eskuragarri—, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan sartu.  

Aurrez aurreko eskaeren kasuan, Zuzenenean bulegoetara jo beharko duzu. 

Zein dokumentazio aurkeztuta?

- Alokairu edo salerosketaren kontratuaren kopia. 

- Alokairu errenta, hipoteka edo mailegu pertsonalaren azken ordainketaren egiaztagiria. 

Baldintzak eta bateraezintasunak

- 25 eta 29 urte artean izatea.

- Urteroko errenta 3.000 eta 28.000 euro artekoa izatea.

- Alokairu edota etxebizitza salerosketaren kontratua egiaztatzea. 

- Eskaera egin aurretik urtebete gutxienez, EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea, edo azken 10 urteetan Euskadin hiru urtez jarraian erroldatuta egon izana egiaztatzea.