Itxi

LEHIAKORTASUNA

Espainiako Lehiakortasunaren Batzordeak 486 milioi euroko isuna proposatu du Bookingen aurka

eitb media

Leer en Castellano

Konpainiak berak eman du isunaren berri AEBetako Burtsa eta Baloreen Batzordeari aurkeztutako urteko txostenean. Isuna ordaintzeko dirua gorde duela jakinarazi du.

Donostiako Villa Victoria hotela. Argazkia: EITB

Espainiako Merkatu eta Lehiakortasun Batzorde Nazionalak (CNMC) 486 milioi euroko isun zirriborroa helarazi dio Booking ostatuak bilatzeko enpresari jarrera menderatzailearekin jokatzea leporatuta.

Konpainiak berak AEBetako Burtsa eta Baloreen Batzordeari (SEC) aurkeztutako txostenean agertzen denez, CNMC 2022tik ari da Booking ikertzen lehiakortasunaren aurkako jokabideagatik.

Erakundeak sekula jarri duen isun handiena izango litzateke, eta konpainiak dirua gorde du jada, nahiz eta ez duen leporatzen zaiona onartzen, agiri batean azaldu duenez.

"Konpainiak 530 milioi dolarreko galerak izan ditu 2023ko emaitzetan Espainiako lehiakortasunaren agintarien atariko erabaki baten harira", adierazi du SECi bidalitako txostenean. Bookingek errefusatu egin du isuna, eta isuna ofizial eginez gero helegitea sartuko duela iragarri du. 2022ko urrian hasi zen CNMC Booking.com-en zerbitzua ikertzen.

Konpainiaren esanetan, "modu aktibo eta eraikitzailean lagundu badugu ere, CNMC 530 milioi euroko isuna jartzear dago, sekula jarri duen handiena".

Konpainia "atsekabetuta" agertu da isun proposamenaren aurrean, eta "erabateko desadostasuna" adierazi du.