Itxi

2023ko errenta-aitorpena

1978 baino lehen Lan Mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei % 25eko murrizketa aplikatuko die Arabak

EITB Media

Leer en Castellano

Erabakia Auzitegi Gorenaren epai baten ondorio da, eta, oraingoz, 52.000 pentsiodun arabarri eragingo die. "Aldundiak ofizioz jardungo du pertsona horiekin, 2023ko datuak erantsiz", azaldu du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak.

Artxiboko argazkia: EFE

Arabako Ogasunak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) murrizketa aplikatuko die 1978ko abenduaren 31 baino lehen Lan Mutualitateetan kotizatu zuten 52.000 pentsioduni 2023ko errenta-aitorpenean.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez, Gizarte Segurantzaren Zuzendaritza Nagusiaren eskutik dagokion lan-informazioa jaso ondoren, Arabako Ogasunak 2023ko errenta-aitorpenaren zirriborroa egingo die kaltetu guztiei, murrizketa aplikatzeko, Auzitegi Gorenaren epaietan ezarritakoaren arabera.

Ogasun eta Aurrekontu arloak zehaztu duenez, Aldundiak ofizioz kalkulatuko ditu 2023ko errenta-aitorpenean % 25eko kenkaria dagokien 52.000 pentsiodunen datuak; bitartean, "gainerako kaltetuak egiaztatzen jarraituko da".

"Aldundiak ofizioz jardungo du pertsona horiekin, 2023ko datuak erantsiz", zehaztu du Gonzalezek, eta 2018tik 2022ra bitarteko ekitaldietako aitorpenei dagozkien gainerako erreklamazioak oraindik "ebatzi" behar direla azaldu du.

Bestalde, Gonzalezek jakinarazi du Aldundiak, orain arte, 1967 eta 1978 artean Lan Mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunen 23.288 eskaera jaso dituela, eta horiek 2018tik 2022ra bitarteko ekitaldietako aitorpenak erreklamatu ditzaketela, datorren ekainaren 25era arte.

Auzitegi Gorenaren epaiak aitortzen du Gizarte Segurantzako erretiro- edo baliaezintasun-pentsio bat jasotzen dutenek eta 1978ko abenduaren 31 baino lehen Lan Mutualitateetan kotizatu dutenek eskubidea dutela pentsioaren zenbatekoaren % 25eko murrizketa horren zati proportzionalean aplikatzeko, data horren aurretik egindako kotizazioei dagokienez.