LANGABEZIA
684 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn eta 374 gehiago Nafarroan, otsailean
O. A. | EITB MEDIA
Aurreko urteko otsailarekin alderatuta, 1.751 pertsona gutxiago daude langabezian EAEn eta 1.327 gutxiago, Nafarroan. Halaber, 19.418 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak EAEn eta 1.752, Nafarroan.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urtarrilean baino 684 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe (% 0,61eko jaitsiera) otsailean, eta Nafarroan, aldiz, 374 langabe gehiago zenbatu dituzte (% 1,22) azken hilabetean, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak astelehen honetan argitaratutako datuen arabera.
2023ko otsailaren aldean, 1.751 langabe gutxiago daude EAEn, hau da, % 1,56 gutxiago. Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, 2008tik langabe kopururik txikiena izan duen otsaila izan da iragandakoa. Guztira, 110.545 pertsona daude Lanbiden izena emanda. Nafarroan azken hilabetean langabeziak gora egin badu ere, iazko otsailarekin alderatuta, % 4,10ko jaitsiera izan da, hau da, 1.327 langabe gutxiago daude enplegu zerbitzu publikoan erregistratuta.
EAEko hiru lurraldeetan jaitsi da langabeen kopurua aurreko hilaren aldean: Araban 22 langabe gutxiago (% 0,12), Bizkaian 280 gutxiago (% 0,45) eta Gipuzkoan 382 gutxiago (% 1,29). Iazko datuekin alderatuta, Araban jaitsi da gehien langabezia, 767 gutxiago (% 3,90) izan baitira, Bizkaian 512 gutxiago (% 0,81) eta Gipuzkoan 472 gutxiago (% 1,59).
Espainiako Estatuan, guztira, 7.452 langabe gutxiago daude otsailean, aurreko hilabetean baino % 0,27 gutxiago, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak emandako datuen arabera. 2008tik langabe kopururik txikiena izan duen otsaila izan da iragandakoa Espainiako Estatuan, 2.760.408 langaberekin.
Afiliazio eta kontratazio datuak
Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua % 1,97 (19.418 afiliatu) igo da urtarriletik otsailera Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak argitaratutako datuen arabera.
Guztira, 1.007.567 pertsonak kotizatzen dute Gizarte Segurantzan, iazko otsailean baino 4.376 gehiago (% 0,44).
Nafarroan, azken hilabetean 1.752 afiliatu (% 0,58) irabazi ditu Gizarte Segurantzak. Halaber, 2023ko otsailetik 2023ko otsailera, afiliatu kopurua % 1,96 igo da (5.582 afiliatu).
Kontratazioari dagokionez, otsailean 55.986 kontratu berri sinatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 14.321 mugagabeak (% 25,58).
Nafarroako datuei dagokienez, otsailean 20.590 kontratu berri sinatu dira, urtarrilean baino % 10,6 gutxiago, baina iazko hilabete berean baino % 5,5 gehiago. Halaber, kontratu guztien % 25,1 mugagabeak izan dira.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak afiliazioaren igoera nabarmendu du, otsaila historiako laugarren hilabete onena izan baita. Horrez gain, langabeziak behera egin duela eta 2008az geroztik otsailik onena izan dela gaineratu du.
Irekian argitaratutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzak EAEko jarduera ekonomikoaren "indarra" azpimarratu du. Halaber, lurralde guztietan, sektore guztietan eta gizon eta emakumeen artean modu orekatuan gertatu dela adierazi du. Hala ere, gazteena da langabeziak gora egin duen adin tarte bakarra.
Otsailean langabeziak gora egin ohi du Nafarroan, eta horrela izan da 2019tik. Hala ere, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, igoera iazkoaren antzekoa (366 gehiago) izan da, baina 2022an (876 gehiago) eta 2021ean (1.261 gehiago) baino nabarmen txikiagoa.
Afiliazioari dagokionez, Nafarroak azken hilabeteetako beheranzko joera hautsi du. Are gehiago, iragan hilabetea 2021etik izandako otsailik onena izan da.