Itxi

Lehen sektorearen protestak

Euskal Herriko laborarien mobilizazio historikoak AP-8 autobidea kolapsatu du Biriatuko mugan

EITB Media

Leer en Castellano

Protestaren bozeramaileetako batek ohartarazi duenez, mobilizazioaren helburua "Europari ultimatuma" ematea da, eta aurreratu du ekainaren 1ean muga berriro kolapsatuko dutela, eskaerak aintzat hartzen ez badituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hego eta Ipar Euskal Herriko 300 nekazari eta abeltzain inguru Biriatuko mugan elkartu dira beren traktoreekin, eta mugaz bi aldetako zirkulazioa oztopatu dute.

Eguerdia igarota Hegoaldeko eta Iparraldeko zutabeek bat egiten dutenean, trafiko eragozpenak areagotu egin dira. Hain zuzen ere, 12:00ak pasatxoan AP-8 autobidea itxi dute, Biriatun, Irungo noranzkoan, eta 13:00ak baino lehen, berriz, Baionarako bidean. Handik gutxira, A-63 errepidean, berriz, errei bat zabaldu dute, Irungo noranzkoan.

Ipar Euskal Herriko nekazari eta abeltzainek deitutako traktore-elkarretaratzearekin bat egin dute Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako baserritarrek Biriatuko mugan.

Protesta sare sozialen bidez zabaldu da, eta mugaren bi aldeetako ehunka traktorek egin dute bat. Mobilizazioak hainbat ordu iraun du, eta auto-ilara luzeak sortu dira, zazpi kilometrotik gorakoak Frantziarako noranzkoan, eta Donibane Lohizunera (Lapurdi) iritsi dira.

Deialdia Ipar Euskal Herriko nekazarietatik abiatu da, eta otsailaren 12an traktoreak kalera atera zituen Gipuzkoako baserritarren talde independentearen atxikimendua jaso du, EHNE eta Enba sindikatuetatik aparte.

Joseba Pagadizabal, protesta hori antolatu zuena, mugara joan da ostegun honetan, eta azaldu du xedeaa zela mugaren bi aldeetako baserritarren "batasuna" erakustea Europari, "arrazoi beragatik".

Azpimarratu duenez, Ipar Euskal Herriko lankideek protesta horrekin bat egiteko egin zuten gonbita duela "pare bat egun" iritsi zen, eta, beraz, ia ez dute antolatzeko denborarik izan.

Dena dela, zehaztu du Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako 200 nekazari inguruk parte hartu dutela mobilizazioan. Araban, aldiz, baserritarrek beste protesta bat zuten Gasteizen; ostegun honetan, hirugarren egunez jarraian, Eusko Jaurlaritzaren inguruko kaleak hartu dituzte.

Pagadizabalek esan du Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko lankideen aldarrikapen nagusietako bat gasolioaren gaineko zerga guztiak kentzea dela, ez bakarrik BEZa. Euskaditik eta Nafarroatik datozenek, ostera, haragi eta esne sintetikoarentzat laguntza txikiagoa eskatzen dute.

Protestaren bozeramaileetako batek ohartarazi duenez, mobilizazioaren helburua "Europari ultimatuma" ematea da, eta aurreratu du ekainaren 1ean muga berriro kolapsatuko dutela, eskaerak aintzat hartzen ez badituzte.

Mobilizazio hau nekazari independenteek antolatu dute, sindikatu, sigla eta erakundeetatik aparte, bultzatzaileek nabarmendu dutenez.

Bideoak (2)