Itxi

Europako Banku Zentrala

Lagardek atea zabalik utzi dio ekainetik aurrera interes-tasak jaisteko aukerari

EITB Media

Leer en Castellano

Euroguneko inflazioaren jaitsierak konfiantza handiagoa eskaintzen die EBZko Gobernu Kontseiluko kideei, "baina ez nahikoa", erakundeko presidenteak esan duenez. Apirilean informazio gehiago egongo den arren, "ekainean askoz gehiago" egongo dela ziurtatu du.

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidentea, gaur. Argazkia: EFE

Eurogunean abian den desinflazio prozesuari esker, Europako Banku Zentralak (EBZ) aurreikuspenak hobetu ditu eta konfiantza handiagoa eskaintzen die Gobernu Kontseiluko kideei, "baina ez nahikoa", Christine Lagarde erakundeko presidenteak adierazi duenez. Apirilean informazio gehiago egongo den arren, "ekainean askoz gehiago" egongo dela ziurtatu du.

"Behera egin du argi eta garbi, eta aurrerapausoak ematen ari gara inflazioaren helbururantz, eta, ondorioz, konfiantza handiagoa dugu, baina ez nahikoa, eta froga gehiago behar ditugu, datu gehiago", azaldu du Lagardek EBZren Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

Ildo horretan, buruzagi frantziarrak gogorarazi du datu horietako batzuk datozen hilabeteetan iritsiko direla, eta horrek aukera emango diola EBZri apirilean apur bat gehiago jakiteko, "baina ekainean askoz gehiago jakingo dugu", eta erantsi du hori izan dela ostegun honetan Gobernu Kontseiluan izandako eztabaidaren ondorio nagusia. Aurreko batzarrean ez zen aztertu diru-politikaren aldaketa noiz hasi behar zuen.

EBZko presidenteak argi utzi nahi izan du gaurko bileran ez dela inolako eztabaidarik egon tasak jaisteari buruz, eta erakundearen gobernu-organoa bere jarrera aldatzea eztabaidatzen hasi berri dela; izan ere, banku zentralak "informazio gehiago behar du datozen hilabeteetan, konfiantza nahikoa izateko".

Europako Banku Zentralak inflazio aurreikuspenak hobetu ditu 2024rako eta 2025erako, batez ere energiaren prezioek ekarpen txikiagoa egingo dutelako, eta orain aurreratu du tasa orokorra batez beste % 2,3koa izango dela aurten, eta % 2ra jaitsiko dela 2025ean, eta % 1,9koa izango dela 2026an.

Nolanahi ere, Europako Banku Zentraleko presidenteak argi utzi du erakundeak ez duela inflazioa % 2ra jaitsi arte itxarongo interes-tasak jaisteko. BPGren aurtengo aurreikuspena murriztu arren, "ez dute hazkundea sakrifikatuko", defendatu duenez, EBZren iragarpenek 2024an eta, batez ere, 2025ean eta 2026an ekonomia suspertzea aurreikusten baitute.

Bestalde, Europako Banku Zentralaren diru-politikaren jarrera arintzeko erritmoari buruz galdetuta, erakundeak interes-tasak murrizten hastea erabakitzen duenean, Lagardek ez du inolako erritmoarekin edo zenbatekoarekin konpromisorik hartu nahi izan, eta erakundeak "datuen mende" jarraituko duela gogorarazi du. "Baina baldintzak betetzen badira, gure diagnostikoa ona bada, egin behar duguna egingo dugu", gaineratu du.