LAN GATAZKA
Zortzi orduko lanuztea Bilbobusen astelehen honetan, hilabete askoz luzatzen ari den gatazka dela medio
AGENTZIAK | EITB MEDIA
07:00etatik 11:00etara eta 16:00etatik 20:00etara daude langileak grebara deituta. Bestalde, hilaren 18an, 20an, 25ean eta 27an 24 orduko greba-deialdiak daude.
Bilbobuseko langileek beste greba egun bat dute astelehenean honetan, hitzarmena berritzeko eskatzeko. Lanuztea 07:00etatik 11:00etara izango da goizean, eta 16:00etatik 20:00etara arratsaldean.
Gainera, datorren asteazkenean, hilak 13, erabakiko dute apirilaren 9rako deitutako greba 4 edo 24 ordukoa izango den. Astelehen honetakoa izango da goizez eta arratsaldez launa orduko lanuzteak egingo dituzte azken eguna martxoan, hileko beste deialdiak, 18, 20, 25 eta 27koak 24 orduko lanuzteak baitira.
Joan den asteartean Bilbobuseko langileen mobilizazioen eragina aztertzeko batzordean egindako agerraldian, Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak esan zuen "gaur-gaurkoz" ez dutela Bilbobuseko gatazkarako irtenbiderik aurkitu eta "legezko bermeak" lituzkeen formulak bilatzen jarraitzen dutela, orain arte planteatutakoek "ez dutelako euskarri juridikorik".
Langileek, berriz, "ezer ez egitea" leporatu diete Udalari eta enpresari
2021etik izoztuta dituzte soldatak
Zinegotzi sozialistak azaldu zuen 2019ko uztailean kontratu berri bat sinatu zela Bilbobus autobus bidezko garraio zerbitzua ustiatzeko 10 urterako, 2019tik 2029ra, eta ez zela aurreikusi prezioak berrikusteko formula bat ezartzea.
Langileek soldata izoztuta dute 2021etik, eta zinegotziak adierazi zuen enpresak esaten diela ezin duela "soldata igoerarik" bere gain hartu, "kontratuaren desoreka ekonomiko handia eta porrot ekonomikoa ekarriko liokeelako".
Langileek 2023ko urrian hasi zituzten mobilizazioak, lan-baldintzak hobetzea eskatzeko.