GREBA
Grebak eragin handia izan duela nabarmendu dute sindikatuek, eta Jaurlaritzari gogoeta egiteko eskatu diote
EITB MEDIA
Grebak Hezkuntzan eta garraioan izan du eragina batik bat, eta neurri txikiagoan Osakidetzan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek "oso zabaltzat" jo dute gaurko deitutako grebak euskal sektore publikoan izan duen jarraipena, eta zenbait arlotan abenduaren 19ko deialdikoa baino handiagoa izaten ari dela adierazi dute.
Azpimarratzekoak dira jarraipen "oso zabala" Hezkuntzan, "zabala" garraio publikoetan eta EITBn, eta "oso zabala" toki- eta foru-erakundeetan. Halaber, salatu dute Osakidetzan ezarritako gutxieneko zerbitzuek jarraipena baldintzatuko dutela. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari "negoziatzeko borondaterik" ez duela esan dute eta, hausnartzeko eskatu diote.
'Zerbitzu publikoaren alde, adostu soldatak eta enplegua hemen' lelopean deitutako lanuztea sektore horretan urtebetean deitutako hirugarrena da, urriaren 25ean eta abenduaren 19an kolektibo beraren artean egindako greben ondoren.
Greba horren bidez, sektore publikoaren lan-baldintzak salatu nahi dituzte deitzaileek; izan ere, "erosteko ahalmenaren galera" % 8tik gorakoa izan da azken bi urteetan, eta behin-behinekotasunak "muga historikoan dago", % 44ra iritsi baita. Horregatik, aurten soldata % 10 igotzea eta behin-behinekotasuna % 8ra jaistea eskatzen dute.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak astearte honetan adierazi duenez, sektore publikoko greba-eguna deitzeko "arrazoi gisa argudiatu diren gai batzuk ez datoz bat errealitatearekin, eta Jaurlaritzak ezin ditu onartu", hala nola "zerbitzu publikoen pribatizazioa" edo "langile publikoen lan-baldintzen hondatzea".
Jarraipena, arloz arlo
Osakidetzan ezarritako gutxieneko zerbitzu gehiegizkoak salatu dituzte sindikatuek. Diotenez, horiek "guztiz baldintzatuko" dute jarraipena. Izan ere, euren ustez, "milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie, zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak % 100ekoak direlako". Horren adibide aipatu dute gaueko txandako beharginetako ia inork ere ezin izan duela greba egin.
Euskal Osasun Zerbitzuaren arabera, grebaren jarraipena % 0koa izan da gaueko txandan; % 4,60koa, goizekoan; eta % 5,52koa, arratsaldekoan.
Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan jarraipena aurreko deialdikoa baino zabalagoa izango da, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra da. Dena dela, azpimarratu dute udal eta foru erakundeetan izaten ari den jarraipen "oso zabala".
Hain justu, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean bilkura egin dute goizean sindikatuek:
Azkenik, sindikatuok nabarmendu dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (OSE) beharginek lanuztearekin bat egin dutela, eta ondorioz, gaur Iruñean eman beharreko kontzertua bertan behera geratuko dela.
Bestalde, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Lan Harremanen Zuzendaritzak azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen % 9,83k egin dutela bat grebarekin.
Ikastetxeetako zuzendaritzek Hezkuntza Saileko Ikuskaritza zerbitzura bidalitako datuen arabera, eta ikastetxe publikoen % 89ri buruzko informazioa bilduta, ikastetxe horietako irakasleen % 33,8k egin du bat grebarekin.
Gainera, Osasun Sailak emandako datuen arabera, Osakidetzako greba-deialdiaren jarraipena honako hau izan da: % 0 gaueko txandan, eta % 4,5 goizeko txandan.
Segurtasunari dagokionez, Sailean lan egiten duten langile guztien % 2,52k egin du greba, Segurtasun Sailak igorritako datuen arabera.
Aldarrikapenak
Sindikatuek euskal sektore publikoan soldata-igoerak eta enplegua negoziatzea eskatu dute, Madrilgo Gobernuak adierazitakoak baldintzatu gabe, eta, beste aldarrikapen batzuen artean, 2024rako langileen kolektiboarentzako % 10eko soldata-igoera eskatu dute.
Halaber, enplegu publikoa egonkortzea eta behin-behinekotasuna % 8ra murriztea aldarrikatzen dute, baita langileen lan-kargak arintzea eta lanaldia asteko 32 ordura murriztea ere, besteak beste.