Itxi

SARETZEN

Txartela gero eta gehiago erabiltzen dugun arren, eskudirutan ordaintzea nahiago dugu oraindik

IKER GOMEZ

Datafono kopurua hirukoiztu egin da azken bi hamarkadetan, baina kutxazain kopurua bere horretan mantendu da.

Eitb Media

Herritarren % 60k baino gehiagok eskudiruarekin ordaintzen jarraitzen du, Espainiako Bankuak emandako datuen arabera. Adin-maila guztietan lehen aukera izaten jarraitzen du, baina batez ere 55 urtetik gorakoentzat.

Bigarren tokian txartel bidezko ordainketa dago, eta, oso atzetik, beste aukera batzuk, hala nola mugikorraren bidezko ordainketa, transferentziak edo banku-txekeak.

25 eta 54 urte bitarteko pertsonek txartela erabiltzen dute gehienetan ordainketak egiteko, baina adin-tarte horietan ere eskudirua da gehien erabiltzen den ordaintzeko modua.

Hala ere, 2013, 2016 eta 2019an egindako ikerketekin alderatuta, eskudiruaren erabilera gutxinaka jaisten ari da, eta txartelaren edo telefono mugikorraren bidezko ordainketa-sistemak (Bizum, wallets, Paypal edo Apple Pay, besteak beste) igotzen ari dira.

Datafono kopurua hirukoiztu egin da

Bestalde, txartelek eta mugikorrek ordainketa-sistema gisa izan duten gorakadaren ondorioz, ordaintzeko terminalen kopurua hirukoiztu egin da azken bi hamarkadetan, Espainiako Bankuaren arabera.

Horrela, 2000. urtean Espainiako Estatuan 802.698 datafono zeuden, eta orain, berriz, 2.361.832. Terminal horien hazkundea gehiago nabaritu da azken zortzi urteetan.

Bestalde, Espainiako Estatuko kutxazainen kopuruaren bilakaerak atzerakada nabarmena izan du. Izan ere, kopuru hori 2000. urteko mailara itzuli da.

Hala, urte hartan, 44.851 kutxazain zeuden Espainiar Estatuan, eta kopuru hori 2006an iritsi zen gorenera, 58 454 kutxazain zenbatu baitziren urte horretan. 2014an terminal horien beherakada hasi zen, eta 2022an zifra are gehiago jaitsi zen, 45 233 kutxazainetara iritsi arte.