OTSAILEKO INFLAZIOA
KPIa % 3,1 eta % 2,5eraino jaitsi da EAEn eta Nafarroan, eta jakiek 2022tik izandako igoera txikiena izan dute
O. A. | EITB Media
Espainiako Estatuari dagokionez, urte arteko inflazioa % 2,8an kokatu da otsailean, urtarriletik sei hamarren behera eginda. Bestalde, elikagaiak % 5,8 garestitu dira EAEn eta % 6,1 Nafarroan, 2022ko otsailetik izan den igoerarik txikiena.
Prezioek gora egiten jarraitzen dute, baina duela urtebete baino maila apalagoan. Otsailean, urte arteko KPIa % 3,1ean gelditu da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 2,5ean Nafarroan, argindarraren eta elikagaien prezioen beherakadak bultzatuta, batez ere.
Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera, urte arteko tasak lau hamarren egin du behera EAEn eta Nafarroan, % 3,5etik % 3,1era eta % 2,9tik % 2,4ra, hurrenez hurren.
Urtarriletik otsailera, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) sei hamarren igo da EAEn eta lau hamarren, Nafarroan.
Urtea hasi zenetik, prezioak % 0,8 garestitu dira EAEn, eta % 0,1 merkatu, berriz, Nafarroan.
Bizkaiak izan du urte arteko inflaziorik handiena otsailean (% 3,3), Gipuzkoaren (% 3,2) eta Arabaren (% 2,5) aurretik. Urtarriletik otsailera, prezioak % 0,8 garestitu dira Bizkaian, % 0,5 Araban, eta % 0,4 Gipuzkoan.
Espainiako Estatuari dagokionez, urte arteko inflazioa % 2,8an kokatu da otsailean, urtarriletik sei hamarren behera eginda. Halaber, prezioak lau hamarren garestitu dira urtarriletik otsailera.
Elikagaien prezioen igoera nabarmen apaldu da. Elikagaiak eta edariak % 5,8 garestitu dira batez beste iazko otsailetik aurtengo otsailera EAEn, eta, 2022ko otsailetik izan den igoerarik txikiena da. Espainiako Estatuan elikagaiak % 5,3 garestitu dira, 2022ko urtarriletik izan den hazkuntzarik txikiena.
Bestalde, azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat jaitsi da otsailean, % 3,5eraino. Hortaz, KPI orokorra baino zazpi hamarren handiagoa da.