DIRU BILKETA
EAEko hiru ogasunek 1.284 milioi euro bildu zituzten ingurumen zergen bitartez 2022an, % 5,7 gutxiago
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko zerga guztien % 6,7 ingurumenari lotutakoak izan ziren 2022an, aurreko urtean baino puntu bat gutxiago.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ogasunek guztira 1.284 milioi euro bildu zituzten ingurumen zergen bitartez 2022an, aurreko urtean baino % 5,7 gutxiago (78 milioi gutxiago), batez ere hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren beherakadagatik.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur zabaldutako datuen arabera, 2022an jasotako zenbateko hori EAEn kudeatutako zerga guztien % 6,7 izan zen, 2021ean baino puntu bat gutxiago, eta Barne Produktu Gordinaren % 1,5.
Hiru kategoriatan sailkatzen dira ingurumen zergak: energiaren gaineko zergak, garraioaren gaineko zergak eta kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergak.
Ingurumen zergen artean, energiari lotutakoei esker bildu zuten hiru ogasunek diru gehien, 1.105 milioi euro, guztiaren % 86. Halaber, 2021etik 2022ra, % 7,4 gutxiago bildu zuten, hidrokarburoen gaineko zergan izandako jaitsieragatik; izan ere, 2021ean 1.002 milioi euro lortzetik 2022an 925 milioi lortzera pasatu ziren.
Garraioaren gaineko zergek 164 milioi euroko ekarpena egin zieten euskal ogasunei 2022an, hau da, ingurumenarekin lotutako zerga guztien % 12,8 (aurreko urtean baino % 4,1 gehiago).
Azkenik, kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergek ingurumenarekin lotutako zerga guztien % 1,2ko ekarpena egin zuten: 16 milioi euro (aurreko urtean baino 4 milioi gehiago).