Itxi

Energia

Iberdrolak Repsol salatu du publizitate kanpainetan 'greenwashing' egitea leporatuta

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Argindar konpainiak gogorarazi du Repsol bitan zigortu dutela arrazoi horrexegatik Erresuma Batuan. Repsolek erantzun du Iberdrola urduri dagoela bezeroak galdu dituelako.

Ignacio Galan, Iberdrolaren presidentea. Argazkia: EFE

Iberdrolak salaketa bat aurkeztu du Repsolen aurka, Lehia Bidegabearen Legean oinarrituta, ekologismoarekin itxurakeria edo 'greenwashing' egitea egotzita, konpainiak berak jakitera eman duenez.

Salaketa otsailaren 21ean jarri zuen Santanderreko Merkataritza Auzitegian, eta aipatu legearen 5., 7. eta 18. Artikuluetan oinarritzen da. Iragarkietan eta komunikazio korporatiboetan engainu ekintzak, engainatzeko informazioa ezkutatzea eta legez kanpoko publizitatea egitea aipatzen da artikulu horietan.

Salatzailearen arabera, Repsolek enpresa iraunkor gisa saltzen du bere burua, energia trantsizioaren buru dela, ingurugiroa zaintzen duela eta karbono arrastoaren eta klima aldaketaren eraginaren aurka lan egiten duela.

Repsolek erantzun du salaketa Iberdrolaren "urduritasunaren" emaitza dela, geroz eta lehiakorragoa den merkatu batean bezeroak galtzen ari delako.

Iberdrolako iturrietatik jakinarazi dutenez, Repsolen webgunean 15 'greenwashing' mezu atzeman dituzte, eta horixe egiten duten hiru publizitate kanpaina: 'Biocombustibles avanzados, una alternativa para la movilidad' (enero 2023), 'Hidrogeno renovable' (enero 2023) eta 'Conectar energias' (marzo 2023).

Gainera, gogorarazi dute Repsolek bi isun jaso dituela antzeko kanpainengatik Erresuma Batuko ASA (Advertising Standards Authority) erakundearen eskutik. Hauxe zioen kanpaina bat bertan behera utzi behar izan zuen: "Repsolen bioerregaiak eta erregai sintetikoak egiten ditugu zero isuri garbi lortzeko".

Iberdrolaren arabera, Repsolek, ekimen iraunkorrak sustatu arren, erregaien erabilera bilatzen du bere eskaintzan, eta publizitatean iraunkortasuna azpimarratzen duen arren, bere jardueran "txikikeria bat" da hori. Era berean, konpainiaren jarduera nagusia zein den eta bere produktu eta zerbitzuek ingurugiroan duten benetako eragina ezkutatzen duela kritikatu du.

Argindar konpainiak dio Repsol dela Espainiako Estatuan negutegi efektuko gas gehien isurtzen duena, baina bere komunikazioetan iraunkortasunean eta trantsizio energetikoan buru dela dioela.

Gainera, 2022ko inbertsioen % 82 erregai fosiletara eta % 0,82 energia berriztagarrietara bideratu zuela gogorarazi du.