Itxi

Berrikuntza

Debagoiena eta Donostia, beste urte batez EAEko eskualde eta hiriburu berritzaileenak

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

2022ari dagokion Berrikuntzaren Inkestaren arabera, Gipuzkoako eskualde horretan enpresen % 42,1ek dute berrikuntza egiten duten 10 langile edo gehiago. Hiriburuan % 37koa da ehuneko hori.

Arrasate (Debagoiena), Aitor Agirrezabalek egindako argazki batean.

Bosgarren urtez jarraian, Debagoiena (Gipuzkoa) eta Donostia dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eskualde eta hiriburu berritzaileenak,  Eustat Euskal Estatistika Institutuak egin duen azken Berrikuntzaren Inkestaren arabera. Berrikuntzan lan egiten duten 10 langile edo gehiagoko enpresen portzentajearekin sailkapena egiten du 2018tik geroztik Eustatek, eta 2022ko datuek ez dute aldaketarik ekarri, lehen postuan bederen. 

Gipuzkoako eskualde horretako enpresen % 42,1ek dute berritzaile gisa jotzeko baldintzak, azken inkesta horren arabera. EAEko eskualdeen artean, euskal kooperatibismoa ardaztu zuen eremua da denen buru, eta lehen sei postuetan eskualde gipuzkoarrak daude. Honakoak daude Debagoienaren ostean: Debabarrena (10 langile edo gehiagoko enpresen % 39,7), Goierri (% 38,9), Urola Kosta (% 36,9), Tolosaldea (% 36,7) eta Donostialdea (% 36,2). Bizkaian, bestalde, Arratia-Nerbioi eta Gernika-Bermeo (biak % 36rekin) dira aipagarriak, Bilbo Handiaren aurretik, gainera (% 35,6). 

Ifrentzuan Araba dago. Izan ere, arabarrak dira enpresa berritzaileen ehuneko txikiena duten eskualdeak: Arabako Errioxa (% 29,5), Arabako Kantaurialdea (% 29,6) eta Arabako Lautada (% 31,9).

Hiriburuei dagokienez, Donostia da hiruretan berritzaileena, enpresen % 37k baitute 10 langile edo gehiago kontratatuta berrikuntza proiektuetarako. Puntu erdi baino gutxiagora dago Bilbo (% 35,7), eta bost puntu beherago, Gasteiz (% 32,1).

EAEko batez bestekoa % 35,4koa da. Hau da, EAEko enpresen herena baino gehiago dira berritzaileak, eta bai Gipuzkoa (% 37,1) zein Bizkaia (35,5 %) batezbesteko horretatik gora daude. Araba, ordea, zerrendaren behealdean ageri da (% 31,6koa da portzentajea)

Balio absolutuetako berrikuntza-jardueretako gastuari dagokionez, 10 langile edo gehiagoko enpresetan, kopuru nagusiak hiriburuak barne hartzen dituzten eskualdeetan kontzentratzen dira (Bilbo Handia, Donostialdea eta Arabako Lautada).