Itxi

EUSKO JAURLARITZA

Hilabetean 4.000 gaztek baino gehiagok eskatu dute emantzipatzeko 300 euroko dirulaguntza

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eskatzaileen % 52,2 Bizkaikoak dira, % 33,7 Gipuzkoakoak eta % 14,1 Arabakoak. 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazioa erraztera bideratuta dago Eusko Jaurlaritzaren Emantzipa programa.

Imagen de archivo.

Hilabete batean 25 eta 29 urte bitarteko 4371 pertsonak eskatu dute gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa programako dirulaguntza berria. Gazteen emantzipazioa errazteko, hilean 300 euroko laguntza ematen hasi zen joan den hilean Eusko Jaurlaritza, horretarako baldintzak betetzen zituztenei. 

Zure interesekoa izan daiteke: Nola eska daiteke Emantzipa laguntza?

Gaurko Gobernu Bileraren ondorengo agerraldian, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak eman ditu ekimenak orain arte utzitako datuak. Esan duenez, eskatzaileen % 52,2 Bizkaikoak dira, % 33,7 Gipuzkoakoak eta % 14,1 Arabakoak. Horietatik guztietatik, % 60,9 emakumezkoak dira, eta % 39,1 gizonezkoak.

Fernandezek zehaztu du eskaera aurkeztu dutenen % 71,9 alokairuan emantzipatu direla edo emantzipatuko direla, eta gainerako % 28,1 erositako etxebizitza batean.

Zenbakiok kontuan hartuta, lortutako erantzuna "oso positiboa" izaten ari dela nabarmendu du Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak, eta gehitu du "egindako aurreikuspenekin bat" datozela.

Emantzipa laguntza beste prestazio batzuekin bateragarria da; hala ere, gazte eskatzaileen % 60,9k ez dute beste laguntzarik jasotzen emantzipatzeko. Beste laguntza batzuen onuradunen artean, alokairuan emantzipatzen diren pertsonen % 47,5 Gaztelagun programaren onuradun ere badira.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Emantzipa laguntzaren orain arteko eskatzaileek batez beste 19.000 euroko diru-sarrerak dituzte.