Langabezia
Langabeziak gora egin du EAEn eta behera Nafarroan, bietan afiliatuen kopurua hazi den arren
Agentziak | EITB Media
Martxoko datuak kaleratu ditu gaur Lan Ministerioak. Horien arabera, Espainiako Estatuan langabeen kopuruak gora egin duen erkidego bakarrenetarikoa izan da EAE (% 2,09). Foru Erkidegoan % 3,46ko jaitsiera izan da, betiere iazko hilabete berarekin alderatuta.
Langabe kopuruak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoan, eta behera, Nafarroan, Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera. Afiliazioak, baina, balio positiboak eman ditu bi erkidegoetan, antzera hazi baita (% 1,76 eta % 1,62, hurrenez hurren).
Zehatz jarrita, joan den hilabetean 926 pertsona gehiago geratu ziren lan gabe, 2023ko martxoan baino % 2,09 gehiago. Foru Erkidegoan, aldiz, 192 langabe gutxiago zenbatu dituzte, iazko martxoan baino % 3,46 gutxiago. Hori horrela, hilabete amaieran 111.471 pertsona zeuden lan barik EAEn, eta 30.843, Nafarroan.
Madrilekin batera, Espainiako Estatu osoan langabezia igo den erkidego bakarra izan da EAE. Lurraldeka, Gipuzkoan izan da igoerarik handiena, urteko arteko tasa % 4,46koa izanik. Bizkaia da bigarren, % 2,46ko igoerarekin. Araba da portaera onena izan duen lurraldea, % 2,58 jaitsi baita langabe kopurua.
Gizarte Segurantzaren datuei dagokienez, gaur gaurkoz 1.317.942 afiliatu ditu Hego Euskal Herrian (1.012.128 EAEn, eta 305.814, Nafarroan).
Espainiako Estatuan behera egin du langabeziak, eta iazko hilabete berarekin alderatuta, 33.405 pertsona gutxiago zeuden lan barik. Hala, 2,7 milioi langabe ditu Espainiako Estatuak, 2008ko martxotik erregistratutako kopururik txikiena, Ministerioaren arabera.
Dena dela, aurtengo martxoko jaitsiera iazkoa baino txikiagoa da, baina 2022koa baino handiagoa.
Zerbitzu sektorearen bilakaera onak (turismoak eraginda batez ere, Aste Santua martxoan izan baita) eta emakumezkoen langabeziaren jaitsierak lagunduta jaitsi da langabezia martxoan.
Gizarte Segurantzari dagokionez, 193.585 afiliatu berri izan ziren martxoan. Hori horrela, okupatuak 20.901.967 dira, 21 milioiko langatik gertu.
Jaurlaritzak afiliazio datuak balioan jarri ditu
Idoia Mendia Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, "urtarrilean galdutako ia enplegu guztia bi hilabetean berreskuratu du" EAEk.
Martxoko langabezia eta afiliazio datuak ohar bidez baloratu ditu Mendiak, bigarreni garrantzia emanda. Horren esanetan, "inoizko bigarren datu onenak dira, pandemiaren unerik latzenean baino 74.000 pertsona gehiagorekin".
Dena dela, aitortu du, Aste Santua gorabehera, turismo sektorean gora egin duela langabeziak, baita eraikuntzan ere. Industrian eta lehen sektorean ez da gorabeherarik atzeman, argitu duenez.
Bere aldetik, Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak esan du martxoko datuek argi erakusten dutela "kalitatezko enpleguaren eta lan aukera berrien alde" egiten ari diren apostua. "Albiste ona da Nafarroako enpleguarentzat", esan du.
Kontseilari sozialistaren hitzetan, azken hilabeteotako joera berretsi eta "Nafarroan enplegua sortzen" ari dela baieztatzen dute gaur kaleratutako datuek.