Itxi

txosten ekonomikoa

2024an aurreikusitakoa baino bi hamarren gutxiago haziko da EAEko ekonomia, Jaurlaritzaren ustez

EITB Media

Leer en Castellano

Eguneratutako txostenaren arabera, Barne Produktu Gordinak % 1,9 egingo du gora, ezarritakoa baino hazkunde apalagoan. 2025erako, aldiz, hobeak dira aurreikuspenak 2025erako: % 2,1eko haziko da. Bi ekitaldietan 18.000 enplegu gehiago sortuko dira, eta langabezia tasa % 7an kokatu da.

2025erako aurreikuspenak apur bat hobeak dira. Artxiboko argazkia: Irekai

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiak hazten jarraituko du aurten, Barne Produktu Gordina (BPG) %1,9 igota, iazko irailean aurreikusitakoa (% 2,1) baino bi hamarren gutxiago bada ere. Jaurlaritzak aurrez egindako koadro makroekonomikoa doitu du gaur, egoerari moldatuta. 

2025erako aurreikuspenak ere moldatu ditu Ekonomia eta Ogasun Sailak, baina kasu honetan kontrako norabidean. Hala, igoera apala iragarri du, % 2,1ekoa (aurrez % 1,8an ezarrita zegoen). 

Lehen hiruhilekoari dagokion txostena kaleratu du Pedro Azpiazuk zuzentzen duen Sailak. Horren arabera, 18.000 enplegu gehiago sortuko dira bi urteotan, eta langabezia tasa % 7koa izango da 2024an, eta % 6,6koa, 2025ean. 

Azterketaren arabera, 2024ko lehen hiruhilekoaren emaitzak baldintzatuko du EAEko ekonomiaren bidea. Izan ere, "ohi baino ziurgabetasun zertxobait handiagoa dago" emaitza horren gainean, Jaurlaritzaren iritzian. Hori horrela,  aitortu duenez, "urteko lehen datu koiunturalak ez dira positiboak".

Munduko ekonomiaren egoera ez "dago egonkortuta" eta Europar Batasuna "geldirik" dago; horrek guztiak eragina du EAEko ekonomian. 

Nolanahi ere, bilakaera goranzkoa izango dela aurreikusi du Jaurlaritzak, batez ere urtearen bigarren seihilekoan. Moneta-politika erlaxatzea espero da, eta, ondorioz, interes-tasa baxuagoak. Horrekin batera, "inflazioaren euste gero eta argiago dago eta Europako egoera ekonomikoa pixkanaka hobetzea" aurreikusi da.

Sektoreka, esportazioek % 0,2 atzera egitea espero da urte guztian. Arlo horretan, ziurgabetasun nagusia lehentasunezko bazkide komertzial batzuen testuinguru ekonomikoari lotuta dago, bereziki Alemaniari. Gainerako arloetan ez da balio negatiborik espero, baina industrian eta energian ez da hazkunderik izango bigarren hiruhilekora arte. 

Kontrara, aipagarria da zerbitzuen sektorearen (% 2tik gorako igoera) eta lehen sektorearen bilakaera ona (% 2,6, 2024an, eta % 4,7, 2025ean).