Itxi

Erretiro partziala

Sindikatuak gaurko deitu ditu Jaurlaritzak, 2024ko errelebo kontratua adosteko

AGENTZIAK | EITB MEdia

ELAk erretiro partziala "akordioa lortu gabe" ere bermatzea eskatu du, eta LABek negoziaziorik nahi ez izatea egotzi dio Jaurlaritzari.

Argazkia: EITB

Azkenean gaur onartu liteke Euskadiko Administrazioko langile laboral finkoentzako errelebo kontratua, Eusko Jaurlaritzak gaurko deitu baititu Mahai Orokorreko sindikatuak, hitzarmena sinatzeko.

Gobernantza Publikoko Sailak adierazi du gehiengoaren babesa nahi duela, baina ELAk eta LABek iragarri dute ez dutela sinatuko. Gainera, aurreko urteetan bezala, CCOO eta UGT izango dira gaur proposamenari baiezkoa emango diotenak.

Goizean zehar Lakuara joateko deia egin die sindikatuei Gobernantza Publikoko Sailak, banan-banan sinatu dezaten 2024rako langile laboral finkoen errelebo kontratua, eta adierazi du une oro agertu dela prest gai honetan gehiengoaren babesa lortzeko.

ELAren esanetan, Jaurlaritzak "akordioa lortu gabe" ere bermatu behar du langileen erretiro partziala. "Eskubide hori badago aitortuta jada Mahai Orokorraren akordioan eta beste hainbatetan ere bai".

Era berean, LABek "langileak kaleratzen saiatzea" eta errelebo kontratua negoziatu nahi ez izatea egotzi dio Gobernuari.