Itxi

Erretiro partziala

Ostegunean sartuko da indarrean errelebo kontratua, Jaurlaritzaren eta gutxiengo sindikalaren ituna tarteko

AGENTZIAK | EITB MEdia

Leer en Castellano

CCOO eta UGT sindikatuek sinatu dute akordioa. Horri esker, 700-800 langile laboral finkok erretiro partziala hartu ahalko dute. ELAk eta LABek ez dute ituna izenpetu.

Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitza. Argazkia: Irekia

Bihar, ostegunarekin, sartuko da indarrean Euskadiko Administrazioko langile laboral finkoentzako errelebo kontratua, Eusko Jaurlaritzak eta gutxiengo sindikalak izenpetutako akordioa tarteko. 700 bat langileri egingo die mesede errelebo kontratua beste urtebetez luzatu izanak. 

Jaurlaritzak bilerara zituen deituta gaurko sindikatuak. Hitzorduaren asmoa zen akordioaren luzatzea banan-banan sinatzea. CCOOk eta UGTk izenpetu dute, ELA eta LAB akordiotik kanpo geratuta. 

Kontratu mota honekin langileak erretiro partziala hartzen du, eta lanaldia murriztu. Hain justu, beste behargin batek egiten du murriztutako ordu horiei dagokien lanaldia. 

CCOO: "Aurrerapausoa da"

Ituna sinatu ostean egindako adierazpenetan, pozik agertu da Iñigo Garduño CCOOren Arlo Publikoko koordinatzailea. Horren ustez, errelebo kontratuaren luzatzea "aurrerapausoa" da, plantilla gaztetzeko eta enplegua sustatzeko tresna bat delako. 

Garduñok gogorarazi duenez, aurreko urteotan ere bi sindikatu horien babesarekin atera da aurrera neurria. 

Era berean, azpimarratu du lanean jarraituko dutela aukera hori administrazio publikoko behargin guztien esku egon dadin (gaur-gaurkoz langile laboral finkoei bakarrik aplikatzen zaie). 

ELAk eta LABek, kritiko, ez dute sinatu

ELA eta LAB akordiotik kanpo geratu dira, beste behin. ELAren esanetan, Jaurlaritzak "akordioa lortu gabe" ere bermatu behar du langileen erretiro partziala. "Eskubide hori badago aitortuta jada Mahai Orokorraren akordioan eta beste hainbatetan ere bai".

Era berean, LABek "langileak kaleratzen saiatzea" eta errelebo kontratua negoziatu nahi ez izatea egotzi dio Gobernuari.