Itxi

LAN-GATAZKA

ELAk greba deitu du apirilaren 10erako Nafarroako erresidentzietan, lan-hitzarmen berri baten alde

EITB MEDIA

Leer en Castellano

1.592 orduko urteko lanaldia, 1.500 euroko gutxieneko soldata eta ratioak hobetzea dira aldarrikapen nagusiak.

Iruñea, gaur. Argazkia: ELA

ELA sindikatuak apirilaren 10ean grebara deitu ditu Nafarroako erresidentzietako langileak, lan-hitzarmenaren negoziazioa "blokeo" egoeratik atera dezala exijitzeko patronalei.

Hainbat langilek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, Foru Parlamentuaren atarian, eta han iragarri dute lanuztea. Egoitzen sektoreko lehen hitzarmena lortzeko 21. greba eguna izango dela esan dute.

Salatu dutenez, "oso prekarioa" da erresidentzietako langileen egoera: "urtean 1.792 orduko lanaldia duen estatu mailako hitzarmena ezartzen zaie, 1.000 eurora iristen ez diren soldatak, osatzen ez diren bajak eta asteburu eta jaiegun gehienetan lan egiteko beharra".

ELAk azaldu du 2021eko maiatzean osatu zela Nafarroako erresidentzien sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia, eta ordutik, "bilera ugari egin ziren 2023ko ekainean patronalek negoziazioa etetea erabaki zuten arte".

Besteak beste, 1.592 orduko urteko lanaldia, 1.500 euroko gutxieneko soldata eta ratioak hobetzea dira aldarrikapen nagusiak. "Lan baldintza onik gabe, ezin da kalitatezko zerbitzurik izan", esan dute.

Horrez gain, negoziazioan Nafarroako Gobernuaren inplikazioa ere eskatu dute. "Diru publikoz sostengatutako eta Administrazioaren menpeko sektorea da, eta, beraz, Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna zuzena da", sindikatuaren arabera.