2023KO ERRENTA AITORPENA
Arabako Ogasunak 159 milioi euro itzuliko dizkie zergadunei, eta 119,2 milioi biltzea aurreikusi du
EITB MEDIA
Bestalde, aurtengo kanpainan, 1978 baino lehen lan mutualitateetan kotizatu zuten 30.000 bat pentsiodunei kalkulatu die Ogasunak euren proposamena, Auzitegi Gorenaren 20/2024 ebazpena ezarrita.
Arabako Foru Ogasunak 159,2 milioi euro itzuliko dizkie zergadunei 2023ko errenta aitorpenaren kanpainan, eta 119,2 milioi biltzea aurreikusi du. Hala, jaso eta itzulitakoaren arteko aldea 40 milioi eurokoa izango da, iaz baino 15 milioi gehiago.
Arabako errenta eta ondarearen kanpaina, iazko ekitaldiari dagokiona, datorren apirilaren 8an hasi eta ekainaren 25ean amaituko da. Xehetasunak gaur eman dituzte hedabideen aurrean Itziar Gonzalo Arabako Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuak eta Maria Jose Perea Arabako Ogasuneko zuzendariak.
Besteak beste, Gonzalok azaldu du, aurtengo kanpainan, 1978 baino lehen lan mutualitateetan kotizatu zuten 30.000 bat pentsiodunei kalkulatu dietela euren errenta proposamena, Auzitegi Gorenaren 20/2024 ebazpenaren araberako murrizketak ezarrita. Zentzu horretan, "lasaitasunerako mezua" igorri die egoera horretan dauden zergadunei, jasoko duten proposamenean azken erabakiak kontuan hartu direlako.
Aitorpena egin behar duten 193.000 pertsonatatik, % 77k autolikidazio proposamena eginda jasoko dute, eta 10etik 7ri dirua itzuliko die Ogasunak; bataz beste. 1.220 euro. Aurreko urteotan bezala, behin proposamena jasota (apirilaren 8tik aurrera), zergadunak onartu edo aldatzeko aukera izango du. Onartuz gero, eta dirua jasotzea badagokio, 48 orduko epean jasoko du dagokiona diru kopurua.
Azkenik, Gonzalok norbere kontura lanean ari diren langileei zuzendutako neurriak nabarmendu ditu, eta baita ere, lehen sektorera bideratutakoak.