LAN-GATAZKA
Greba eguna dute gaur Correosek Bizkaian dituen bulegoetan, lan-baldintza duinak eskatzeko
EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina betean da lanuztea, eta sindikatuek ohartarazi dute ez dutela baztertzen mobilizazio gehiago deitzea, bizi duten "egoera kezkagarria" bideratzeko.
CCOO, ESK, CSIF, LAB, UGT eta ELA sindikatuek greba deitu dute gaurko, apirilak 12, Correosek Bizkaian dituen bulegoetan. Lanpostuak ez betetzea salatzeaz gain, lan-baldintza duinak nahi dituzte langile guztientzat. "Kalitatezko posta zerbitzuaren defentsan, Posta Zerbitzu Unibertsala betetzea" aldarrikatzen dute, zabaldu duten oharraren arabera.
Sei egunetan lanuzte partzialak egin ondoren erabaki dute sindikatuek egun osoko greba deitzea. Horien arabera, "zuzendaritzak uko egiten dio sindikatuekin elkartzeari gatazkari konponbide bat aurkitzeko". Eskaini zaien neurri bakarra "aparteko orduak" direla erantsi dute.
Mobilizazioarekin, bizi duten "egoera kezkagarria" bideratzea nahi dute langileek. Halaber, grebak bat egingo du Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainarekin, eta sindikatuek ohartarazi dute ez dutela baztertzen mobilizazio gehiago deitzea.
Elkarretaratzea ere deitu dute, 12:00etan, Correosek Bilbon duen egoitza nagusiaren atarian.