Itxi

Inflazioa

KPIa % 3,2 eta % 3,4raino igo da EAEn eta Nafarroan, eta jakiek 2021etik izandako igoera txikiena izan dute

O. A. | EiTB Media

Leer en Castellano

Elikagaiak % 4,6 garestitu dira batez beste urtebetean EAEn, eta % 4,5, Nafarroan, 2021eko azarotik izan den igoerarik txikiena. Espainiako Estatuari dagokionez, urte arteko inflazioa % 3,2an kokatu da.

Urte arteko KPIaren bilakaera. Grafikoa: EITB Media

Martxoan, Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) gora egin du, eta urte arteko tasa % 3,2an gelditu da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 3,4an Nafarroan, argindarraren BEZaren igoerak eta erregaien eta pakete turistikoen garestitzeak eraginda.

Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera, urte arteko tasak hamarren bat egin du gora EAEn —% 3,1etik % 3,2ra— eta bederatzi hamarren —% 2,5etik % 3,4ra— Nafarroan. Hortaz, urte arteko tasak goranzko bidea hartu du berriro, bost hilabetez murriztu ondoren.

Otsailetik martxora, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) sei hamarren igo da EAEn, eta puntu bat, Nafarroan.

Urtea hasi zenetik, prezioak % 1,4 garestitu dira EAEn, eta % 0,9 egin dute gora Nafarroan.

Gipuzkoak izan du urte arteko inflaziorik handiena martxoan (% 3,4), Bizkaiaren (% 3,3) eta Arabaren (% 2,6) gainetik. Otsailetik martxora, prezioak % 0,8 garestitu dira Gipuzkoan, % 0,6 Bizkaian eta % 0,5 Araban.

Espainiako Estatukoari dagokionez, urte arteko inflazioa lau hamarren hazi da otsailetik, % 2,8tik % 3,2ra.

Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) bi hamarren jaitsi da martxoan, % 3,3raino. Hortaz, KPI orokorra baino hamarren bat handiagoa da, eta 2022ko otsailetik izandako txikiena.

Elikagaien prezioen igoera nabarmen apaldu da. Elikagaiak eta edariak % 4,6 garestitu dira batez beste urtebetean EAEn, eta % 4,5, Nafarroan. Otsailetik martxora, prezioak mantendu egin dira EAEn, baina Nafarroan hiru hamarren merkatu dira.

Espainiako Estatuan, elikagaiak batez beste % 4,3 garestitu dira urtebetean —otsailean baino puntu bat gutxiago—, eta 2021eko azarotik izan den igoerarik txikiena izan dute.