Elikagaien prezioa
Oliba-olioa % 70 garestitu da urtebetean, eta patata % 10
O. A. | EiTB Media
Espainiako Estatuan elikagaiak batez beste % 4,3 garestitu dira urtebetean, otsailean baino puntu bat gutxiago, eta 2021eko azarotik izan den igoerarik txikiena izan dute.
Elikagaien saskiko produktuen artean, oliba-olioa da urtebetean gehien garestitu dena, % 70, Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako datuen arabera. Halaber, azken hilabetean horren prezioak % 3,2 egin du gora, eta 2021eko urtarriletik, % 200,4.
Elikagaien prezioak gora egiten jarraitzen du, nahiz eta igoera nabarmen apaldu den. Espainiako Estatuan, elikagaiak % 4,3 garestitu dira batez beste urtebetean (otsailean baino puntu bat gutxiago), eta 2021eko azarotik izan den igoerarik txikiena izan dute.
Azken urtebetean gehien garestitu diren elikagaiak hauek dira: oliba-olioa (% 70), fruta-zukuak (% 16,9), patatak (% 10), txokolatea eta fruta freskoak (% 9), gozoak (% 8,4), ardikiak (% 8) eta arrain freskoa (% 7,4).
Aitzitik, ondorengo hauek dira martxoan, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta, gehien merkatu diren elikagaiak: beste olioak (-% 22,4), lekaleak eta barazkiak (-% 9,2), haurrentzako elikagaiak (-% 3,8), gurina eta beste esnekiak (-% 2,6).
Otsailetik martxora, lau hamarren hazi da KPIa Espainiako Estatuan, % 2,8tik % 3,2ra.