Itxi

Maiatzak 1

LABek Iruñean egingo duen manifestazio eta jaialdi nazionalarekin ospatuko du Maiatzaren Lehena

EiTB Media

Leer en Castellano

Aurtengo deialdia "nazionala" izango da, Iruñean, eta egun osoko egitaraua prestatu dute (manifestazioa, ekitaldia, bazkaria eta kontzertuak). Halaber, LAB sindikatua Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko da.

LABek Maiatzaren 1eko ekitaldiak aurkeztu ditu astelehen honetan. Argazkia: @LABsindikatua

Aurten bere 50. urteurrena ospatzen ari den LAB sindikatuak manifestazio eta jaialdi "nazionala" antolatu ditu Maiatzaren Lehenerako, Iruñean. Egun osoko egitaraua prestatu dute, manifestazioa, ekitaldia, bazkaria eta kontzertuak, barne.

LAB sindikatuak astelehen honetan prentsaurrekoan azaldu duenez, maiatzaren 1ean "langileen antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen" jarraitzeko konpromisoa berretsiko du.

Sindikatuaren arabera, Euskal Herria ere, Europako beste hainbat toki bezala, "ez dago neoliberalismoak eragindako indibidualismotik eta jarrera autoritario, matxista zein arrazistetatik salbu". Hala ere, Euskal Herriak "zorionez" balio horiei aurre egiteko "antidotoa" baduela azpimarratu du: "sozialki zein politikoki indartzen ari den" ezker independentismoa. 

Langileak antolatzen eta borroka sindikala bultzatzen jarraitzeko hautua egiten du sindikatu abertzaleak. Halaber, kapitalaren interesei "eremu guztietan" aurre egin behar zaiela nabarmendu du: lantokietan, kalean eta instituzioetan. "Nazio askapenean eta eraldaketa sozialean aurrera eginez" egin beharreko bidea dela iritzita, Euskal Herrian "estatu tresnak eta burujabetza maila handiagoak" falta direla aldarrikatuko du.  

"Ziklo politiko berria irekitzen ari da, eta LAB ere bada ziklo berri horren parte, sustatzaile izango da", gehitu du.

Maiatzaren 1eko ekitaldiak

Iruñean egun osoko egitaraua antolatu dute maiatzaren 1erako. Gaztelu plazatik abiatuta manifestazioa egingo dute 11:30ean, 12:30ean ekitaldia Anaitasuna pabilioian, eta, segidan, herri bazkaria eta kontzertuak

Nazioarteko gonbidatuak ere izango dira Iruñean. Lehen aldiz, Mundu Federazio Sindikaleko idazkari nagusiak parte hartuko du, baita Palestina, Vietnam, Sardinia, Korsika, Bretainia, Aosta, Andaluzia, Katalunia, Galizia, Aragoi, Asturias eta Valentziako kideek ere. 

Hego Euskal Herrian deialdi bakarra izango da. Halaber, salbuespen gisa, sindikatua Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko da, urte luzez "bazterketa sindikala" pairatu ostean "zentzugabekeria" hori gainditzea lortu duela ospatzeko. "Azkenik intersindikalaren baitan egon ahal izatea garaipena da, eta horregatik, LABen ordezkaritza bat bertan izango da", gaineratu du.