Elikadura
% 100 begetalak diren eta haragi izenarekin saltzen diren produktuen etiketatzea salatu du EHNEk
EiTB Media
Sindikatuaren arabera, kontsumitzaileak informazioa "argia" eta "zehatza" izan behar du, zer jan nahi duen aukeratu dezan.
Nekazari Borrokaren Egunarekin bat eginez, Nafarroako EHNE sindikatuak % 100 begetalak diren eta haragi izenarekin saltzen diren produktuen salmenta salatu du. Hori dela eta, produktuen etiketen inguruko Espainiako legedia gogortzeko eskatu du.
Iruñean gaur goizean egin duten prentsaurrekoan sindikatuak azaldu duenez, Espainiako eta Europar Batasuneko legediaren arabera, gisa horretako praktikak debekatuta daude, baina ekoizle handiek zirrikitu legalak baliatzen dituzte "iruzurra" egiteko.
Adibidez, xerra, azpizuna, saiheskia, barbakoa, txuleta edota urdaiazpikoa bezalako hitzak erabiltzen dituzte, marketingaren bidez, landare jatorria duten produktuak saltzeko.
Ildo horretan, esnearekin egindako bidea jarraitzea eskatu du EHNE sindikatuak, eta gehitu du kontsumitzaileak informazioa "argia" eta "zehatza" izan behar duela, zer jan nahi duen aukeratu dezan.
Bestalde, laborategiko haragi ekoizpenaren mehatxuaz ohartarazi du eta Zubietan (Donostia) egiten ari diren instalazioa ekarri du gogora.