Itxi

Lan gatazka

Anbulantzien sektorean aurreakordioa adostu ostean, bertan behera utzi dute otsailean abiatutako greba

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sektorean gehiengoa (% 44,49) duen ELA sindikatuaren arabera, % 30,64rainoko soldata igoerak izango dituzte anbulantzietako beharginek hemendik 2029ra, eta urtean 124 lanordu gutxiago egin beharko dituzte.

Protesta bateko irudia. Artxiboko argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoko anbulantzien sektorean aurreakordioa erdietsi, eta otsailaren 19an hasitako greba mugagabea bertan behera utzi dute ELAk, CCOOk eta UGTk.

Sindikatu horien arabera, datozen asanbladetan berretsi beharko dute ituna EAEko patronalekin, baina aurreratu dute 2022-2028rako hitzarmen berriak soldata igoera garrantzitsuak jasoko dituela. Hain zuzen ere, 2022an eta 2023an % 5eko igoera adostu dute, 2024an, 2025ean eta 2026an % 3,5ekoa, 2027an KPIa + 1,5ekoa eta 2028an KPIa + 4koa.

Hartara, % 30,64rainoko soldata igoerak izango dituzte anbulantzietako beharginek hemendik 2029ra, eta urtean 124 lanordu gutxiago egin beharko dituzte.

2021ean iraungi zitzaien hitzarmena sektore horretan lanean ari diren 1.700 beharginei.

"Aurrerapauso garrantzitsuak eman dira osasun garraioaren langileen baldintzak parekatzeko bidean, eta ELAk beharrean jarraituko du baldintza horiek guztiz parekatu arte", esan du ELAk. Halaber, eskerrak eman dizkie lan gatazka luze horretan mobilizatu diren langile guztiei.

LABek ez du aurreakordioa sinatu

LABek ez du aurreakordioa sinatu, "ez baitu borroka honetan planteatutako gutxiengoak ere jasotzen", horren arabera.

"ELA, CCOO eta UGT sindikatuek alde batera utzi dute anbulantzietako langileen eta Osakidetzakoen arteko homologazioa, baita soldatatik haratago doazen beste hainbat kontu ere. Azken asteotan, gainera, bizkarra eman digute", erantsi du LABek.