Itxi

EMAITZA EKONOMIKOAK

Iberdrolaren irabaziak % 86 hazi dira urteko lehen hiruhilekoan, 2.760 milioi euroraino

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Konpainiak azaldu duenez, Mexikon saldutako aktiboen gainbalioak eragin du, hein handi batean, irabaziak hain handiak izatea.

Ignacio Sanchez Galan, Iberdrolaren agerraldi batean. Argazkia: EFE

Iberdrolaren irabaziak % 86 hazi dira —2023ko datuekin alderatuta— urteko lehen hiruhilekoan, 2.760 milioi euroraino. Hazkunde horretan eragin zuzena izan dute Mexikon saldutako aktiboen gainbalioak (1.165 milioi euro) eta, baita ere, Erresuma Batuko tarifa-defizitaren berreskuratzeak (238 milioi euro).

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari igorritako agirian azaldu ditu datuok konpainia elektrikoak. Bertan zehaztu duenez, Mexikoko eta Erresuma Batuko operazioak ekuaziotik kenduz gero, irabaziak % 28an geratuko lirateke.

Orotara, taldeak egindako salmentak 12.678,5 milioi eurokoak izan ziren, iaz epe berean baino % 18 gutxiago. Ebitda (interesen, zergen, balio-galeren eta amortizazioen aurreko mozkina) delako adierazlea, berriz, 5.857 milioi eurotan itxi zuten martxoan; Mexikoko gainbalioa kenduta, kopuru hori 4.140 milioi eurokoa litzateke. 

Bestalde, Iberdrolaren finantza-zor garbi doitua 44.998 milioi eurokoa izan zen lehen hiruhilekoan, % 5,9 txikiagoa, 2023ko abenduko datuekin alderatuta.