Itxi

EB-ko Justizia Auzitegia

Hipoteka gastuak erreklamatzeko epea abusuzko klausula baliogabea denean hasten dela ebatzi du EBko Auzitegiak

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak argitu du hipoteka gastuak erreklamatzeko preskripzio epea ez dela kontatzen hasten gastuak ordaindu zireneko datatik.

Etxe baten eta kalkulagailu baten irudia. Egile eskubiderik gabeko irudia

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du hipoteka gastuak erreklamatzeko epea gehiegizko klausula baliogabea denean hasten dela, hots, epaia irmoa denean, eta ez, gastuak ordaindutakoan. Gainera, auzitegi horrek berak argitu du Europako legedia preskripzio epea gastuak ordaindutakoan hastearen kontrakoa dela.

Gaur zabaldutako epaietan EBko Justizia Auzitegiak azaldu duenez, abusuzko klausula hori behin betiko bertan behera gelditzen den egunetik hasten da kontatzen, eta une horretatik aurrera aldarrikatu ditzake kontsumitzaileak bere eskubideak.

Auzitegi Gorenak 2019an ebatzi zuen banketxeei zegokiela notarioaren gastuen % 50, eta jabetza erregistroaren, gestoriaren eta tasazioaren % 100 ordaintzea. Ordura arte, kontsumitzaileen bizkar zeuden gastuok. Klausulak baliogabe jo zituen Espainiako auzitegiak, eta finantza entitateek bidegabe kobratutakoak itzuli behar zituela ebatzi zuen.

Gorenak berak eta baita Bartzelonako Lurralde Auzitegiak ere Europako auzitegira jo zuten orduan, neurria preskribatzeko epearen inguruan argibideak eskatzeko.

Finantza erakundeek defendatzen dutenez, erreklamazio epea urtarrilaren 22an amaitu zen, Auzitegi Gorenak epaia eman eta bost urtera, hain justu. Edonola ere, kontsumitzaile elkarteek epea zabalagoa dela uste dute. 

Testuinguru horretan, Espainiako Estatuko banketxeek bidegabe kobratutako hipoteka gastuak erreklamatzeko epeari buruzko iritzia eman du gaur EBko Justizia Auzitegiak.