LAN-ISTRIPUA
22 urteko langile bat hil da Artzentalesen, baso lanetan ari zela izandako istripu baten ondorioz
EITB MEDIA
ELA sindikatuak salatu duenez, 2021tik 12 langile hil dira basogintzaren sektorean. Azken heriotza hau salatzeko, elkarretaratzea deitu dute biharko Zallan.
22 urteko langile bat hil da Artzentalesen (Bizkaia), joan den asteazkenean (apirilak 24) El Peso mendian baso lanetan ari zela izandako istripuaren ondorioz. Ordutik, erietxean zegoen, larri, eta gaur hil da.
ELA sindikatuak jakitera eman duenez, bi hilabete inguru zeramatzan lanean sektorean gazteak, eta istripua izan zuenean, Forestal Bejarano e Hijo SL enpresak kontratatuta ari zen. Antza, trabatuta geratu zen zuhaitz bat askatzeko makina astun bat erabiltzen ari zirela, kolpe bat jaso zuen langileak.
2024 honetan, dagoeneko, 23 langile hil dira Hego Euskal Herrian, horietako 5 Bizkaian. Basogintzaren sektorean "istripu hilgarrien" tasa "oso altua" dela salatu du sindikatuak: 2021etik 12 behargin hil dira baso lanetan izandako istripuen ondorioz.
Azken heriotza hau salatzeko, elkarretaratzea deitu du ELAk biharko Zallan, 12:00etan, Euskadi enparantzan.