Itxi

BBVA SABADELL

Bat-egitea gauzatzeko negoziazioei heldu diete berriro BBVA eta Sabadell bankuek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bigarren saiakera izango litzateke 2020tik. Elkartuko balira, BBVAren ekarpena 800.000 milioi eurokoa izango litzateke, % 77; Sabadellena, berriz, 236.000 milioikoa.

BBVA. Argazkia: EFE.

BBVA bankuak martxan jarri du berriro makineria Sabadell Bankuarekin bat egiteko, eta zuzendaritzarekin jarri da harremanetan negoziazioei bide emateko. Hala jakinarazi diote Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari.

Amua botata, balizko bategitearen baldintzak negoziatu beharko dituzte orain. Bigarren saiakera ofiziala izango litzateke, 2020ko azaroan BBVAk eta Sabadellek onartu baitzuten hilabeteak zeramatzatela bategite bat negoziatzen, baina kontaktuak jakinarazi eta bi astera, pandemia tarteko, bi erakundeek elkarrizketak eten zituztela iragarri zuten.

BBVAk orain lau urte lehen saiakera egin zuenean, Sabadell orain baino askoz ahulago zegoen. Egun, Estatu espainiarreko laugarren banketxea da. BBVAk nahiago izan zuen azalpenik ez eman, baina Sabadellek orduan publikoki jakinarazi zuen operazioa ez zela aurrera atera, ez baitzen ados jarri akzioen trukearen balizko ekuazioari buruz, hau da, eragiketaren prezioari buruz.

Gaur, Sabadell Bankuaren buru den Josep Oliuk baieztatu du BBVAren proposamen bat jaso duela bat-egite baterako. "Banco Sabadelleko administrazio kontseiluak proposamenaren alderdi guztiak behar bezala aztertuko ditu", esan du. Balizko eragiketa hori baieztatu ondoren, Sabadellen akzioek % 7,5 egin dute gora, eta BBVArenak, berriz, % 7,5 jaitsi dira.

Biek ala biek, irabazi handiak dituzte, interes-tasak altu egoteak hauspotuta. Sabadell enpresa txiki eta ertainen negozioan sartuta da, eta Erresuma Batuan TSB bankua du.

Elkartuko balira, BBVAren ekarpena 800.000 milioi eurokoa izango litzateke, % 77; Sabadellena, berriz, 236.000 milioikoa.

Espainiako eta nazioarteko aktiboak kontuan hartuta, Santander da oraindik buru, bilioi bat eta 800.000 milioi eurorekin. Caixabank dago hirugarren.

Mundu osoan 140.000 langile izango lituzte banku berriak, bat-egitea gertatuko balitz, Santanderrek baino 60.000 gutxiago.