Itxi

AEB-ko Erreserba Federala

Erreserba Federalak interes tasak mantendu ditu, inflazioaren aurkako "urrats faltagatik"

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Erreserba Federalak % 5,25 eta % 5,5 artean utzi ditu interes tasak, eta ez du uste egokia denik horiek jaistea inflazioa % 2ra hurbildu arte.

Jerome Powell, AEBko Erreserba Federaleko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak interes tasak bere horretan mantentzea (% 5,25 - % 5,5) erabaki du, seigarren bileraz jarraian, bart iragarri duenez. 2001eko urtarrilaz geroztik ezarritako maila altuenean daude tasak. "Azken hilabeteetan ez da aurrerapauso handirik eman helburu gisa jarritako % 2ko inflazioa lortzeko", adierazi du ohar batean.

AEBko finantza erakundeak ohartarazi duenez, ez du uste interes tasak jaistea egokia denik harik eta inflazioa % 2ra "modu jasangarrian" mugitzen ari denaren konfiantza izan arte.

Iragan astean AEBko Merkataritza Departamentuak zabaldutako informazioaren arabera, urte arteko inflazioa % 2,7an kokatu zen martxoan, otsailetik bi hamarren baino gehiago gora eginda. 

Gauzak horrela, Erreserba Federalak Europako Banku Zentralari utzi dio ekimena interes tasak murrizten hasteko, aurrez erakunde horrek berak esana baitu prest dagoela ekainean interes tasak jaisteko, beti ere, ekonomia datuetan ezustekorik ez badago.