Itxi

Bankuak

Sabadellek ez du onartu BBVAren bat-egite proposamena, "bakarka balio handiagoa sortuko duelako"

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Sabadelleko administrazio kontseilua gaur bildu da BBVAren eskaintza aztertzeko. BBVArekin bat egiteari uko egiten dion bigarren aldia da. BBVAk "deitoratu" egin du Sabadellek "halako eskaintza erakargarri bati uko egin izana".

Sabadell bankuaren egoitza, Sant Cugat del Vallesen (Bartzelona). Argazkia: EFE

Sabadellek uko egin dio BBVAk aurreko astean bi erakundeak batzeko egindako eskaintzari, "bakarka balio handiagoa" sortuko duela iritzita, erakundeak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez. Kataluniako bankuak atzera botatzen duen bigarren bat-egite eskaintza da.

Sabadelleko administrazio kontseilua gaur bildu da BBVAren eskaintza aztertzeko, eta erabaki hori akziodunarentzat balio handiagoa sor dezakeelakoan hartu du.

BBVAk "deitoratu" egin du Sabadellek "halako eskaintza erakargarri bati uko egin izana", Kataluniako bankuak lehenengoaren proposamenak konpainia eta haren hazkunde-aurreikuspenak modu independentean "nabarmen gutxiesten" dituela iritzi ostean.

Azken egunetan Carlos Torres buru duen bankuaren akzioen aldakortasunagatik errefusatu dute eskaintza, eta horrek proposamenaren inguruan "zalantza" sortzen zuelako.

Joan den asteazkenean, BBVAk proposamen formala egin zuen, BBVAren jaulkipen berriko akzio bat Sabadellen 4,83 akzio bakoitzeko trukatzea proposatuz, Sabadellek apirilaren 29an kotizatzen zuen balioaren % 30eko primarekin.

Eskaintza horrek Sabadell 11.000 milioi eurotan baloratzea zekarren, BBVAk gaur burtsaren saioa itxi duen 9,84 euroko balioa kontuan hartuz. Era berean, Sabadellen akzioaren balioa 2,2 eurora igotzea dakar — gaur egun 1,89 eurotan kotizatzen du titulu bakoitzeko —, % 30eko prima aintzat hartuta.

Truke horri jarraituz, BBVA 1.126 milioi euroko akzioen jaulkipena egiteko prest zegoen, hau da, burtsako kapitalizazioaren % 20.