Itxi

Elikagai katea

Elikadura katea ikuskatzeko, kontrolatzeko eta isunak ezartzeko mekanismoak arautu ditu Jaurlaritzak

EiTB Media

Leer en Castellano

Dekretu berriak Espainiako Elikagai Katearen Legea garatzeko zenbait neurri aurreikusten ditu, lehen sektoreko ekoizpenetatik hasi eta salmenta puntuetaraino. Halaber, Elikagai Katearen Behatokia eta Euskadiko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea sortuko ditu.

Supermerkatu bateko apalak, beteta. Egile eskubiderik gabeko argazkia

Euskal Autonomia Erkidegoko elikadura katearen funtzionamendua hobetzea helburu duen dekretua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, dekretuak isunak ez ezik, elikadura katea ikuskatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak ezartzen ditu. Horiek EAEko elikadura kate osoari eragingo diote, lehen sektoreko ekoizpenetatik hasi eta salmenta puntuetaraino, eta kasu bakoitzean indarrean dagoen legedian ezarritakoa aplikatuko da. Isunak 200 eta milioi bat euro artekoak izango dira.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azaldu duenez, ekoizpen prezioaren azpitik ordaintzen den kasuetan ezarriko dira zigorrak, "erregularizatu gabeko" kontratuak edo "gehiegizkoak" antzematen direnean edo berankortasun kasuetan.

Jaurlaritzaren arabera, onartutako dekretuaren helburua da elikadura katea "orekatzea", lehen sektorearen zati handi batek dituen zailtasunak arintzeko "neurri gehigarriak onartuz", eta, ahal den neurrian, elikadura kateko operadoreen arteko "merkataritza harreman gardenak" ziurtatuz.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak beharrezko ikusten du Elikadura Katearen Legea garatzeko zenbait tresna egoki hornitzea eta arautzea. Ildo horretan, Euskadiko Elikagai Kontratazioaren Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea eta Euskadiko Elikadura Katearen Behatokia sortu ditu.

Euskadiko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodeak hainbat helburu ditu, besteak beste, elikadura katearen eta, bereziki, lehen sektorearen iraunkortasun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren alde egitea; kalitatezko nekazaritzako elikagaien balioa nabarmentzea, eta legeari egokitutako elikagai kontratuak sustatzea.

Bestalde, Euskadiko Elikadura Katearen Behatokiak, elikadura katearen eta elikagaien kostuen jarraipena, aholkularitza, informazioa eta azterketa egiteko organoa den aldetik, bere eginkizunen artean izango du jarraipena eta ebaluazioa egitea.