Itxi

Siemens Energy

Siemens Gamesak "berregituraketa plana" iragarri du, kaleratzeak barne, eta CEO berria izendatu

E.G. | EITB Media

Leer en Castellano

Azken seihilekoan galerak % 34 murriztea lortu badu ere, konpainiak plantilla doituko duela jakinarazi du, baina "gehiena lekualdatzeen bitartez xurgatzea" espero du. Vinod Philipek hartuko du Jochen Eickholt egungo kontseilari delegatuaren kargua, abuztuaren 1etik aurrera.

Siemens Gamesak Zamudion (Bizkaia) duen egoitza. Artxiboko argazkia: EFE

Siemens Energy multinazionalak iragarri duenez, Siemens Gamesa filialean "berregituraketa neurri garrantzitsuak" hartuko ditu eta "plantilla doituko" du, azken urteotako galera milioidunei aurre egiteko (799 milioi azken seihilekoan) eta 2026tik aurrera errentagarritasuna berreskuratzeko.

Horrez gain, Jochen Eickholt egungo zuzendari delegatua edo CEO-a (chief executive officer, ingelesez) kargutik kenduko duela jakinarazi du, eta horren ordez, Vinod Philip jarriko duela, abuztutik aurrera. 

Urte fiskalaren bigarren seihilekoan emaitzak jakinarazteko oharrean, Siemens Energyk ez du zehaztu kaleratzeen zenbatekoa, baina aurreikusi du langile kopurua "gutxi gorabehera egonkor" mantenduko dela lekualdatzeen bidez. Izan ere, itsas haize-negozioak hazten jarraituko du, eta bertara bideratuko omen dituzte beste negozio unitateetan behar ez diren beharginak.

"Jochen Eickholtek eta Vinod Philipek neurri zehatzak adostuko dituzte datozen asteetan, eta sindikatuekin negoziatu datozen hilabeteetan",  argitu dute oharrean. 

Konpainia alemaniarrak hiru lantegi ditu EAEn (Zamudio, Asteasu eta Mungia) —1.011 langile—, eta beste bi, Nafarroan (Sarriguren eta Arazuri) —1.823 langile—. Hego Euskal Herriko behargin gehienak onshore negozioan ari dira, krisiak jotakoan, alegia.

Alemaniako taldeak zehaztu du Gamesak bere bi negozio unitateei eutsiko diela —onshore edo lurreko haize-negozioa eta offshore edo itsasoko haize-negozioa—, lurreko dibisioan izandako arazo larriak gorabehera. Gogora ekarri behar da lurreko plataformen (X.4 eta X.5 modeloak) turbinetan matxura ugari izan zituztela, eta hainbat eskaera bertan behera utzi behar izan zituzten eta kalte-ordainak pagatu atzerapenengatik. 

799 milioi euroko galerak

Energia eolikoaren fabrikatzaileak 799 milioi euro galdu ditu urte fiskalaren lehen seihilekoan —2023ko urritik  2024ko martxora bitartekoa—, aurreko ekitaldian baino % 34 gutxiago (1.209 milioi euroko galerak izan ziren orduan). 

Talde alemaniarraren arabera, hainbat faktorek eragin dute emaitzetan: turbinen arazoek, produkzio kosteek eta offshore unitatea abiatzeko aurreko ekitaldian izandako gorabeherak. 

Iaz lurreko airesorgailuen turbinetan izandako arazoek "zartako larria" eragin zuten Siemens Gamesan (4.588 milioi euro galdu zituen 2023an), baita Siemens Energy jabean ere. Horren harira, Alemaniako Gobernuak dirulaguntza milioidunak eman zizkion, bermetan, proiektu handiak finantzatu ahal izateko. 

Dena dela, 2024an zehar Gamesaren emaitzak hobeak izatea espero du Siemens Energuk, batez ere offshore negozioari esker. 

Gamesaren eragin negatiboa gorabehera, multinazional alemaniarrak 1.618 milioi euro irabazi ditu lehen seihilekoan (aurreko epe berean 677 milioi galdu zituen).

CCOO "oso kezkatuta" azaldu da; Jaurlaritzak ez du adierazpenik egin nahi izan

CCOO sindikatuak Siemens Gamesan duen ordezkaritza "oso kezkatuta" azaldu da konpainiak beste berregituraketa bat egin behar duela jakin berritan. Ez omen zuten halakorik espero, Clara Fernandez Zamudioko lantegiko CCOOko kideak aitortu duenez. 

Fernandezek azaldu du ez dituztela daturik, eta gaur bilera zeukatela zuzendaritzarekin emaitzak aztertzeko. 

Horren ustez, iragarpenak "mezu positibo" bat du behintzat, enpresak "onshore negozioari eutsiko" diola (Espainiako Estatuan lurreko dibisioa da nagusi). 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko iturriek Europa Press albiste agentziari azaldu diotenez, Jochen Eickholt Gamesaren CEO-ak joan den asteartean jakinarazi zien berria. Horretaz harago, Jaurlaritzak ez du bestelako adierazpenik egin nahi izan. Argudiatu duenez, enpresak sindikatuei eman behar dizkie azalpenak.