AKORDIOA
Langabezia subsidioaren inguruan akordioa itxi dute Espainiako Gobernuak eta sindikatuek
EITB MEDIA
Arau berriarekin, besteak beste, bateragarriak izango dira denbora jakin batean enplegua izatea eta langabezia subsidioa edota langabeziagatiko prestazio kontributiboa jasotzea. Patronalek ez dute babestu akordioa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Langabezia subsidioaren inguruan akordioa erdietsi dute Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak eta UGT eta CCOO sindikatuek, CEOE eta Cepyme patronalen babesik gabe. Ituna ezinbestekoa zen Europako funtsen laugarren ordainketa jasotzeko: 10.000 milioi euro.
Goizean eman dute akordioaren berri, ohar bidez, eta eguerdian sinatu bi aldeek: Yolanda Diaz Lan eta Ekonomia Sozialerako ministroak izenpetu du, batetik, eta Unai Sordo eta Pepe Alvarez CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiek, hurrenez hurren, bestetik.
Atzo egun osoa bilduta egon ondoren, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak iluntzean lortu zuen legea erreformatzeko testua ixtea. Urtarrilean Kongresuak atzera bota zuen langabezia subsidioaren erreforma, eta ordukoarekin alderatuta, baditu zenbait nobedade arau berriak. Besteak beste, bateragarriak izango dira denbora jakin batean enplegua izatea eta langabezia subsidioa edota langabeziagatiko prestazio kontributiboa jasotzea.
Hauek dira gako nagusiak:
- Gehienez 180 egunez bateragarria izango da langabezia subsidioa jasotzea (diru kopurua murriztu gabe) eta, aldi berean, lan-kontratu bat izatea. Era berean, posible izango da, baita ere, aldi berean langabezia-saria jasotzea eta lan-kontratu bat izatea; kasu horretan, baldintza da langabezia saria gutxienez urtebetez jasotzen egotea.
- Langabezia subsidioa jasotzeko izapide administratiboak malgutu egingo dira; langabezia-saria amaitutakoan, ez da hilabete egon beharko subsidioa eskatzeko. Neurri hori aurreko erreforman ere jasota zegoen.
- Langabezia subsidioa jasotzen duten 52 urteko herritarrei ezarriko zaien kotizazio-oinarria lanbide arteko gutxieneko soldataren % 125ean mantenduko da. Lehendabiziko erreforman kotizazio-oinarria murriztea proposatzen zen, eta horrek eragin zuen, besteak beste, Podemosek kontra bozkatzea.
- Subsidioaren zenbatekoari dagokionez, aurreko erreforman hitzartutakoa mantenduko da: egungo 480 eurotik 570 eurora igaroko da prestazioa zenbatekoa lehen sei hilabeteetan, 540 eurora hurrengo sei hilabeteetan, eta hortik aurrera, egungo 480 eurotan mantenduko da.