Banketxeak
BBVAk Sabadell erosteko egin duen eskaintza oldarkorra baztertu du Espainiako Gobernuak
Agentziak | EiTB Media
Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioaren arabera, erosketa gauzatuko balitz eragin negatiboa izango luke enpleguan eta zerbitzuan.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du BBVAk Sabadell erosteko egin duen eskaintza publiko oldarkorra, "bai forman, bai edukian", operazio horrek Espainiako finantza sisteman "eragin kaltegarriak" izan ditzakeelakoan.
Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioaren arabera, erosketa gauzatuko balitz eragin negatiboa izango luke enpleguan eta finantza zerbitzuen eskaintzan.
"Gehiegizko kontzentrazio" hori finantza sektorearen egonkortasunarentzat "arrisku gehigarria" dela gaineratu dute Ministeriotik, eta ideia hori aurrez Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuko gobernadoreak ere esan izan duela gogoratu dute.
Eragiketa horrek lurralde kohesioan ere eragina izango lukeela ohartarazi du, "finantza erakunde horiek lurraldean duten presentziagatik".
Gaur egun, Espainiak "finantza sistema indartsu eta kaudimenduna" duela azpimarratu dute Ministeriotik eta Espainiako Gobernuaren betebeharra dela finantza sektorea "sendo" mantentzea.