Itxi

Inflazioa

KPIa % 3,5eraino igo da apirilean EAEn, eta % 2,9raino jaitsi, Nafarroan

O. A. | EiTB Media

Leer en Castellano

Espainiako Estatuari dagokionez, urte arteko inflazioa % 3,3an kokatu da, hamarren bat gora eginda, eta elikagaiak % 4,7 garestitu dira urtebetean. Bestalde, 2022ko azarotik lehen aldiz, azpiko inflazioa inflazio orokorraren azpitik kokatu da.

Urte arteko KPIaren bilakaera. Grafikoa: EiTB Media

Prezioek gora egiten jarraitzen dute. Apirilean urte arteko inflazioa tasa % 3,5ean kokatu da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 2,9an Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera. Urte arteko tasak hiru hamarren egin du gora EAEn —% 3,2tik % 3,5era— eta bost hamarren behera, berriz, Nafarroan —% 3,4tik % 2,9ra—.

Martxotik apirilera, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) zortzi hamarren igo da EAEn, eta puntu erdi, Nafarroan.

Urtea hasi zenetik, prezioak % 2,2 garestitu dira EAEn, eta % 1,5 egin dute gora Nafarroan.

Batez ere, gasa eta elikagaiak garestitzeak eta argindarra iaz baino gutxiago merkatzeak eragin dute inflazioaren gorakada.

Gipuzkoak izan du urte arteko inflaziorik handiena apirilean (% 3,6), Bizkaiaren (% 3,5) eta Arabaren (% 2,8) gainetik. Martxotik apirilera, prezioak % 0,9 garestitu dira Araban, % 0,8 Bizkaian eta % 0,7 Gipuzkoan.

Espainiako Estatukoari dagokionez, urte arteko inflazioa hamarren bat hazi da martxotik, % 3,2tik % 3,3ra. Martxotik apirilera, berriz, prezioak zazpi hamarren garestitu dira.

Bestalde, azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, lau hamarren jaitsi da apirilean, % 2,9raino, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta. Ildo horretan, 2022ko azarotik lehen aldiz, azpiko inflazioa inflazio orokorraren azpitik kokatu da. 

Elikagaiak eta edariak % 5,4 garestitu dira batez beste urtebetean EAEn, eta % 4,5ean mantendu dira Nafarroan. Martxotik apirilera, prezioak bost hamarren garestitu dira EAEn, eta zortzi hamarren, Nafarroan.

Espainiako Estatuan, elikagaiak batez beste % 4,7 garestitu dira urtebetean —martxoan baino lau hamarren gehiago—.